Breadcrumb

UIE-VI-KAPITULUA

Unibertsitateko Ikasleen Estatutua

VI. KAPITULUA. TITULU OFIZIALAK LORTZERA BIDERATURIKO IKASKETETAKO IKASLEENTZAKO IRAKASKUNTZA-PROGRAMAZIOA ETA EBALUAZIOA

23. artikulua. Titulu ofizialak lortzera bideraturiko unibertsitate-ikasketen irakaskuntza-programazioa.

1. Unibertsitateak, unibertsitate-arloko eskumenik duten administrazioen laguntzaz, jagon beharko dute bertako titulazio ofizial ezberdinei dagozkien ikasketen irakaskuntzak eta gestioak kalitatezko baldintza berak bete ditzaten.

2. Ikasleek eskubidea dute matrikula egin nahi duteneko gai edo irakasgaien irakaskuntza-planak behar besteko aurrekotasunez ezagutzeko eta, nolanahi ere, akademi ikasturteroko matrikula-epea ireki baino lehen. Irakaskuntza-planetan irakaskuntzaren helburuak, aurreikusitako ikaskuntzaren emaitzak, metodologia eta ebaluaziorako sistema eta ezaugarriak zehaztuko dira.

3. Sailek edo ikastegiak, adskribiturik dituzten gai edo irakasgaien irakaskuntza-planak onartzeko ardura eta eskumena nori dagokion aintzat hartuz, bermatuko dute planok jasoko dituzten ikastalde guztietan bete daitezela.

4. Titulazio bakoitzaren arduradun ikastegiek, matrikula egiteko epea zabaldu baino lehen, titulazioaren akademi ikasturterako plangintzaren berri emango dute eta, honen barruan, ikasleak ikasketan eta ikaskuntzan eskaini beharreko arduraldia ECTS kreditutan, aurreikusitako irakasleak eta gai edo irakasgai bakoitzeko ordu-banaketa orokorra zehaztuko dira; ikasleek, eskola-ordutegitik at, egin beharko duten lanaren eskakizunak kontutan hartuko duen sail arteko koordinaziotik abiatuta.

5. Unibertsitateek, aitortuta zaien akademia-askatasunaren babesean, gaikako konpentsaziorako mekanismoak ezarriko ahal dituzte eta epaimahaiak osatuko, ikasleak egindako akademi ibilbidea eta lana, oro har, epaitzeko eta erdietsi nahi duen akademi titulua eskuratzeko behar besteko jakintza eta gaitasuna duen erabaki dezaten.

24. artikulua. Kanpoko akademi praktikak.

1. Kanpoko praktikak hezkuntzarako jarduerak dira, ikasleek egin eta unibertsitateek gainbegiraturikoak, ikasleei akademi hezkuntzan zehar jaso eta eskuratu dituzten jakintzak aplikatu eta osatzeko aukera eskaintzeko helburua dutenak, ikasleek lanbide-jardunerako izan ditzaketen trebetasunak eta lan-mundura sartzeko gaitasunak hobetuz.

2. Kanpoko praktiken helburuak dira, ikaslearen prestakuntza teorikoaren eta praktikoaren oreka lortzea, lan-jardunerako metodologiak eskuratzea eta geroko lan-munduratzea erraztea. Enpresa, instituzio eta erakunde pribatu zein publikoetan egin ahal izango dira, unibertsitatea bera barne, praktika bakoitzaren mota aintzat harturik.

3. Kanpoko praktikak bitarikoak izan daitezke: curriculum barrukoak eta kanpokoak. Curriculum barruko praktikak akademi jarduera arautu eta tutelatuak dira, ikasketa-planen parte direnak. Curriculum kanpoko praktikak, ikasleek, ikastaldiaren zehar, beren borondatez egiten dituzten praktikak dira, nahiz eta helburu berak dituzten, ikasketa-planen barruan ez direnak, gerora Tituluaren Europar Gehigarrian aipa litezkeelarik.

4. Kanpoko praktikak egiteko, unibertsitateek enpresa eta erakundeekiko komenioen ezarpena bultzatuko dute, praktikok ikasle minusbaliatuei ere eskain dakizkiela sustatuz.

5. Praktika-programen plangintza ondoko alderdi hauen arabera osatuko da: ikasleak eskuratu beharreko gaitasunak, ikasleak ECTS kreditutan egin beharreko arduraldia, ikasleak burutu beharreko prestakuntza-jarduerak, hauen egutegia eta ordutegia; bai eta ebaluazio edo balioespen-sistema ere.

6. Curriculum barruko kanpoko praktikak egiteko, ikasleek unibertsitateko tutore akademikoa eta erakunde laguntzaileko tutorea izango dituzte eta hauek adostuko dute ikaslearen hezkuntza-plana eta jarraipena egingo. Curriculumaz ateko kanpoko praktikak direnean, unibertsitateak eta erakunde lankideak egin beharreko tutoretza, beren arteko komenioan ezarrita bezala burutuko da.

7. Unibertsitateak prozedurak ezarriko ditu kanpoko praktiken kalitatea bermatzearren, praktika hauen garapenari buruzko informazio-bilketa eta analisirako eta praktiken plangintza berraztertzeko mekanismoak, tresnak eta organo edo unitateak barne izanik.

8. Lankidetza-komenioetan, erakunde sinatzaileek finantzaketarik ezarri ahal izango dute, ikasketa-laguntza moduan.

9. Prestakuntzarako kanpoko praktikak ikasleen prestakuntza eta gaitasunera mugatuko dira eta praktiken edukia ez da, inola ere, izango lanpostuei berez dagokien lan-zerbitzuen ordezko.

10. Osasunaren arloko irakaskuntzarekin erlazionaturiko praktikak europar zuzentarauetan ezarritakoarekin bat etorrita burutuko dira eta, kasuan kasu, arautegi espezifikoak errespetatuz.

25. artikulua. Ikaslearen ikaskuntzaren balioespena.

1. Ikasleen akademi errendimenduaren balioespena irizpide publiko eta objektiboen arabera egingo da eta, ahal denean, ebaluazio jarraitua lehenetsiko, hezkuntzaren erantzukidetasunerako bitarteko eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren elementua delakoan, ikasleari bere ikaste-prozesuaren berri ematen diona.

2. Ebaluazioa gai eta irakasgaien irakaskuntza-planetan ezarritakoaren arabera egingo da hertsiki, sailek onetsi bezala.

3. Probak egiteko daten egutegi, ordu eta tokiak, ahozkoak barne, eskumeneko organoak erabakiko ditu, beti ere ikasleen parte hartzea bermatuz eta ikasleak arduraldi osoko edo arduraldi partzialeko diren kontutan harturik.

4. Ebaluazio-proben programazioa ezin izango da aldatu, ez bada, proba behar bezala egitea ezinezko bihurtuko lukeen ustekabeko ezintasuna gertatzen. Salbuespenezko egoera hauen aurrean, titulazioetako arduradunek egin beharreko kontsultak egingo dituzte ukitutako irakasle eta ikasleekin programazio berria proposatu eta ezartzearren, autonomi arautegian eta unibertsitateen berezko arauetan ezarritakoarekin bat etorrita.

5. Unibertsitate-ordezkaritzarako organo bilduen bileretara joateagatik edo tokian tokiko arautegietan aurreikusitako arrazoiengatik, programatutako ebaluazio-probetara joan ezin diren ikasleek eskubidea izango dute proba hauek egin ahal izateko beste egun eta ordu bat jar dakizkien. Unibertsitateen ardura izango da, beren arautegiari eta autonomia-erkidegokoari jarraituz, examinen garaian eta examinen aurreko egunetan bilerarik ez jartzea.

6. Ebaluazio-sistemak programatzerakoan, autonomi arautegian eta unibertsitatearen berezko arauetan ezarritakoarekin bat etorrita, ekidinen da ikasle berak ikastaro bereko irakasgai desberdinen proba orokorrak hogeita lau ordutatik beherako epean egin beharra. Nolanahi ere eta arestiko arautegiaren arabera, ikasleak eskubidea izango du dagozkion proba orokorrak data eta ordu berean jar ez daitezen. Urruneko unibertsitateen kasuan, programazio hau beren irakaskuntza eta ebaluazio-metodologiara egokituko da.

7. Ebaluazio-probak egin bitartean, irakasleak edozein unetan eskatu ahal izango die identifikazioa bertaratutako ikasleei eta hauek, ikaslearen txartela, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo, hauen ezean, ebaluatzailearen iritziz, akreditazio nahikoa erakutsi beharko dute.

8. Ikasleek eskubidea izango dute ebaluazio-proba hauek amaitzerakoan beroriek egin izanaren ziurtagiria jasotzeko.

26. artikulua. Ikasle minusbaliatuak.

Ebaluazio-probak egokitu beharko dira minusbaliotasunik duten ikasleen premietara, sailek eta ikastegiek metodologian, egutegian eta eremuetan egin beharreko egokitzapenak egin beharko dituztelarik.

27. artikulua. Ebaluazio-lanak eta oroitidazkiak.

1. Praktikei buruz eta euskarri material bakarreko lan eta oroitidazkiak irakasleak gorde beharko ditu hurrengo ikasturtea amaitu arte, autonomi erkidegoko arautegian eta unibertsitatearen berezko arauetan aurreikusita bezala. Epe hau amaituta eta aipaturiko arautegiarekin bat etorriz, lanok eskatu dituzten ikasle sinatzaileei itzuliko zaizkie, errekurtsoren bat ebatzi zain ez bada.

2. Aurreko pasarteak aipatutako lanak xede hertsiki akademikoez bestelako helburuetarako osorik edo zatika argitaratu edo erreproduzitu nahi badira, egilearen edo egileen baimen espresa beharko da, jabetza intelektualaren legeriari jarraiki.

3. Karrera-amaierako proiektuak, gradu eta master-amaierako lanak eta doktorego-tesiak zein bere arautegi espezifikoaren arabera arautuko dira.

4. Lan hauen ondoriozko argitarapenak eta doktoregokoak, bereziki, jabetza intelektualaren arautegiak arautuko ditu.

28. artikulua. Ebaluazio-epaimahaiak.

1. Ikasleek epaimahai aurreko balioespena eskatu ahal izango dute, unibertsitateek honetarako ezarriko lituzketen baldintza eta arauekin bat etorrita.

2. Unibertsitateek prozedura egokia ezarri beharko dute, irakasle bat legeak aurreikusitako abstentzio edo errefusatze-egoeran dagoenean, saileko kontseiluak arloko edo arlo kideetako irakasle iraunkorren artean ordezko irakasle bat izenda dezan.

29. artikulua. Kalifikazioen jakinarazpena.

1. Unibertsitateak araututako epe eta prozedurak errespetatuz, balioespenaren ardura duten irakasleek egindako proben kalifikazioak behar besteko aurrekotasunez argitaratu beharko dituzte, ikasleek aktak emateko epea amaitu aurretik zeinek bere proba berrikusteko eskaria egiteko astia izan dezaten.

2. Kalifikazioekin batera, berauek berrikusi ahal izateko ordutegia, tokia eta data ere argitaratuko dira. Urruneko unibertsitateen kasuan, beren metodologiaren arabera eta komunikazio-eren bidez egin ahal izango da berrikusketa. Informazio hau eta berrikusketarako tokiak egokiak izango dira minusbaliotasunik duten ikasleentzat.

3. Irakasleek, ebaluazio-probetan paperean edo euskarri elektronikoan idatzitako materiala edo, halakoetan, ahozko probei dagokien dokumentazioa gorde beharko dute hurrengo ikasturtea amaitu arte, autonomi erkidegoko arauetan zein unibertsitatearen berezkoetan ezarritakoarekin bat eginda. Berrikusteko eskariak eta kalifikazioaren aurkako errekurtsoak egiten direnean eta, aipaturiko arautegiarekin bat eginik, ebazpen irmorik izan arte gorde beharko dira.

4. Kalifikazioen jakinarazpenean, informazio-teknologien erabilera sustatuko da.

30. artikulua. Irakaslearen aurreko edo epaimahaiaren aurreko berrikusketa.

1. Ikasleek beren probak ikusteko aukera izango dute egindako balioespen-probetako kalifikazioen argitarapena egin eta hurrengo egunetan, autonomi erkidegoko eta unibertsitatearen beraren arauetan aurreikusita bezala, ebaluazio-proba balioetsi duen irakasleak edo irakasgaiko koordinatzaileak jasotako kalifikazioari buruzko ahozko azalpenak jasota. Era berean, autonomi erkidegoko eta unibertsitatearen berezko arauetan ezarri bezala, epaimahaiek balioetsitako ikasleek eskubidea izango dute ariketa hauek epaimahaiaren aurrean berrikusteko. Urruneko unibertsitateen kasuan, komunikazio-bideak egokituko ahal dira beren metodologiara eta komunikazio-teknologietara.

2. Berrikusketa, kasu biotan, autonomi erkidegoaren eta unibertsitatearen beraren arautegiak ezarritako epeak eta prozedurak errespetatuz egin beharko da. Kasu guztietan oro, berrikusketa pertsonala eta banakakoa izango da. Berrikusketa minusbaliotasunik duten ikasleen premietara moldatu beharko da, bertako sailek, unibertsitate bakoitzeko unitate eskudunak koordinatu eta gainbegiratuta, egin beharreko metodologi egokitzapenak eginez eta, behar izanez gero, berrikusketa espezifikoak ezarriz, ikasleen premien araberakoak.

3. Berrikusketarako epea, unibertsitateak aktak itxi eta argitaratzeko ezarritako epea baino lehen amaituko da.

31. artikulua. Organo eskudunaren aurreko erreklamazioa.

Irakasle edo epaimahaiaren erabakiaren aurka, erreklamaziorik egin ahal izango da, zioak azalduz eta organo eskudunari igorrita. Organo honen proposamenaz, erreklamazio-batzordea osatuko da, aurreko ebaluazio-prozesuan esku hartu duten irakasleek parte hartu gabe osatuko dena eta ebazpena eman beharko du, unibertsitateek araututako epe eta prozeduren barruan.

32. artikulua. Unibertsitate arloko kultura, kirola, ikasleen ordezkaritza, elkartasun eta lankidetzarako jardueren aintzatespen eta transferentzia.

Unibertsitateek prozedura egokia jarriko dute ikasleek jarduera ezberdinengatiko akademi aintzatespena jasotzeko duten eskubidea gauza dadin, unibertsitate arloko kultura, kirola, ikasleen ordezkaritza, elkartasun eta lankidetzarako jarduerak izanik, beti ere aplika lekizkiekeen arauetan ezarritakoa betez. Hala balegokio, jarduera horiek ikaslearen espedientera eta Tituluaren Europar Gehigarrira transferitu eta jasoko dira.