Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ZABALA, JUAN MATEO

(Bilbo, 1777 - Zarautz, 1840)
Alvaro Rabelli

Juan Mateo Zabalak Bilboko frantziskotarrekin egin zituen lehenengo ikasketak. Ondoren, fraidea izateko asmoz, Kantabrian eta Gaztelan jarraitu zituen ikasketak. 1792an frantziskotarren ordenan sartu zen, eta 1803an apaiztu. Berak aitortua da ikasle garai hartan euskara ihartuz joan zitzaiola. Horregatik, euskara berreskuratzeko nahia agertuta, Larramendi eta Astarloaren lanak baliatu zituen.

1815ean Zarauzko frantziskotarren ikastetxean sartu zen. Sasoian, liburutegiak eta zenbait predikatzailek euskaraz egindako lanek nahiko prestigio eman zioten ikastetxe horri. Zarautzen egon zen bitartean, Zabala misiotan ibili zen, herriz herri, Bizkaia eta Araban zehar. Han-hor-hemen jaso zituen El verbo regular vascongado (1848) lanerako materialak.

Harremanetan izan zen orduko zenbait euskaltzalerekin, Fleury Lecluse eta Jose Paulo Ulibarrirekin, esaterako. Hala ere, Zabala ez omen zen euskaraz idaztearen oso aldekoa. Ez zuen bat ere lanik argitaratu bizi izan artean. Gauzak horrela, lan gehienak Zabala hil ostean hasi ziren argitaratzen; haren lan batzuk, ordea, oraindik argitaratzeke daude. Beharbada, horregatik, gaur egun Zabalaren ekarria garrantzitsuagotzat jotzen da dialektologiaren ikerketan literatura arloan baino.

Edonola ere, Fábulas en dialecto vizcaino alegi-bilduma dugu Zabalak literatura arloan egindako lanik aipagarriena. Esan beharrekoa da, alegi guztiak ez direla Zabalarenak; hainbat autore eta iturritatik jaso zituen. Zabalak, genero horretan, Ilustraziotik zetorren ildoari eutsiz, asmo hezitzaile eta moralistetarako bidea aurkitu zuen. Alegion eskuizkribua Abbadieren esku egon zen. Azkenean, baina, Urkijok RIEV aldizkarian argitaratu zituen han ageri ziren alegiak, 1907an eta 1909an.

Zabalaren bestelako lan ezagunak ere badira:

  • Noticia de las obras bascongadas que han salido a luz despues de las que cuenta el P. Larramendi (1856), Bonaparte printzeak argitaratua, baina egilearen aipamenik egin gabe.
  • Otxandioko eskuizkribua, berau ere egilearen aipamenik gabea eta Azkuek Otxandion bertan jasoa. Gaur egun Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean gordetzen da; ustez, Zabalarena izan daitekeen hitz, esaldi eta oharren zerrenda da.
  • Sermoiak, 1816 eta 1833 bitartean idatziak, eta Euskaltzaindiak 1996an eta 2000an bi tomotan argitaratuak.
  • Eta, beste gramatika lan bat, Lecluserentzat atondutako 103 Conjugaciones del presente perfecto de indicativo en el dialecto vizcaino o muestra de los 206 presentes de indicativo que da al bascuence D. Pablo Pedro de Astarloa 1829an idatzia da, 1922an Euskera aldizkarian argitaratua.

BIBLIOGRAFIA

GOMEZ, Ricardo (2008): “Las ideas lingüisticas de Juan Mateo Zabala: El verbo regular vascongado del dialecto vizcaino (1848)”. Oihenart. 23. zbk. 165-183 orr.

ONAINDIA, Santi (1973): Euskal literatura II. Etor. Donostia

RABELLI, Alvaro (2008): “Fábulas en dialecto vizcaino”. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Derioko Seminario-Ikastetxea. Derio.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus