Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

XAHO, AGOSTI

(Atharratze, 1810-Baiona, 1858)
Eneko Zuloaga

Agosti Xaho Lagarde Atharratzen jaio zen 1810ean. Ikasketak Maulen eta Oloroneko seminarioan egin zituen, harik eta 1831n Parisera Zuzenbidea ikasten joan zen arte. Besteak beste Hugo, Dumas, Vigny eta Musset-en Paris erromantiko hartan ekialdeko hizkuntzak ikasten hasi zen Charles Nodier-en eskutik, eta sasoi hartan ezagutu zuen Antoine d´Abbadie euskaltzalea ere.

1835ean Nafarroara joan zen Zumalakarregiren ospearen atzetik. Handik hiru urtera Frantziako Tolosara joan zen eta 1840an itzuli zen Ipar Euskal Herrira. 1848ko iraultzako buruetako bat izan zen: Guardia Nazionaleko komandante, zinegotzi eta Behe Pirinioetako Kontseiluko kide.

1851ko Napoleon III.aren estatu-kolpearen ondorioz, Frantziatik kanporatu zuten: Belgikara jo zuen, baina ez zioten sartzen utzi eta bi urte egin zituen Gasteizen. Sasoi horren buruan acte de sumission delakoa sinatuta Baionara itzultzeko baimena eskuratu zuen, eta 1858an hil zen. Xahok aurretik hala eskatuta hileta zibila egiteak zenbait alderditako hautsak harrotu zituen.

Ez da erraza Xahoren lanak sailkatzea, etengabe eta luze idatzi zuelako honetaz eta hartaz. Frantsesez idatzi zituen lan gehienak, ardatz bezala Euskal Herria (historia, hizkuntza, biztanleak, herri-literatura, ohiturak, jatorria, etab.) harturik.

Kazetaritzari loturik agertu zen Xahoren hainbat lan. 1838an, Frantziako Tolosan zegoenean, Revue des Voyants egunkaria sortu zuen; hain zuzen, bertan agertutako zenbait kontu direla eta egin behar izan zuen alde okzitaniar hiriburutik. L´Ariel ere sortu eta bertako idazle izan zen. 1848ko iraultzaz geroztik Le Republicain de Vasconie izena jarri zion. Alabaina, 1851ko estatu-kolpearen ondorioz, sortzailearen erbesteratzearekin bat, itxi egin zuten. Bestalde, Uskal-Herriko Gaseta ere sortu zuen 1848an: egunkari errepublikar euskalduna zen, baina ez zuen aurrera egin, eta bi zenbaki besterik ez ziren argitaratu.

Izaera gogorrekoa bide zen Xaho, eta bere lanetan polemiko, ausart, erasotzaile eta oldarkor ageri zen. Horrek, bada, arazoak ekarri ohi zizkion lantzean behin.

1830eko hamarkadaren hasieran, Nafarroara Zumalakarregiren atzetik egindako bidaiaren ostean, Voyage en Navarre pendant l´isurrection des Basques lana kaleratu zuen. Berezkotzat zeukan estiloan idatzita dago, eta herrikoitasunari hertsiki lotutako obra da. Izenburuak bidaia-liburuaren ideia dakarkigun arren, hori baino gehiago ere bada: pasarte, kontakizun eta legenda erromantikoak ageri dira, gehien-gehienetan Xahok berak asmaturikoak. Abbadiek Xahoren lan horren aldeko iruzkina kaleratu zuen Bulletin de la Societé Géographie aldizkarian.

Euskaraz argitaratu zuen sasoi hartan bertan Azti-begia (1834) lana. Saiakera laburra da, euskal kosmogonia filosofikoari buruzkoa. Txomin Peillenek lehenengo euskal testu paganotzat jo zuen: “olerkiaren gaia, euskaldun kosmogonia txikia, Eguzkia, Ilargia, Lurra eta Izarrak goraipatzea litzateke” (1989: 13). Patri Urkizuk beste helburu bat zekusan Xahoren lan horretan, ordea:

goraipatzea baino areago beste helburu bat luke Chahoren saioak, beraxek argitzen baitigu asmoa, esanez (…) alegoriak erabili dituela, hala kristautasunean nola ekialdeko mitologietan hain garrantzizkoak diren, Urtea, Sugea, Kristo eta Bildotzaren (sic) irudiak argitzearren eta hobeto konpreniaraztearren.

Izarrak eta planetak goraipatzea baino, beraz, atharraztarraren nahia, helburua eta asmoa kosmogoniazko zenbait gogoeta alegorien bidez paratzea, eta aztien argibide izatea litzateke, irudietan nagusiena liburuxkaren azalean agertzen zaigun haritza genukeelarik, aitzineko egun zoriontsuen gogorarazle, lur etsituarentzat berpiztearen irudia.” (1992: IX).

Historia hizpide duten lanen artean garrantzitsuena Histoire primitive des Euskariens-Basques (1847) da, Xahoren sormenaren erakusgarri aparta. Historia kontatu baino, inongo arazorik gabe asmatzeko joera zeukan Xahok: berak sortzen ditu bere historia ideala hezur-mamitzen duten istorioak, herriak, gatazkak, genealogiak, Jainkoak, ustez zaharrak diren herri-literaturako material sortu berriak, etab. Hain zuzen, oraindik orain ezaguna den Aitor euskal patriarkaren legenda Xahok asmatu zuen, kasurako. Euskal historian ikusten edo aurkitzen zituen ustezko “hutsuneak” bere gustura, ideal erromantikoari jarraiki, betetzen zituen: “Ondorioen beldurrik gabe eta asimilazio kultural-politikoaren aurkako osagai iraultzaile batez lagundurik, Xahok trebekiro erabili zituen baliabide historikoak eta sormena historia ofizialak asetzen ez zion egarria berdintzeko” (Salaberri, 2002: 158). Iñaki Aldekoak ere zehatz laburtu zuen atharraztarraren lekua “precursor de la literatura histórico legendaria” (2004, 80) izendatu zuenean. Inguruko giroak zalantzan jartzen ez zuen Euskal Herri kristauan atzera egin eta kristautasunaren aurreko herri paganoaren bila aritu zen Xaho.

Lan gehienak frantsesez argitaratu arren, euskara ondo ezagutzen zuen, eta horren lekuko dira Abbadierekin batera argitaratutako Etudes grammaticales sur la langue euskarienne lana nahiz hil zelarik amaitu gabe utzitako euskal hiztegia. Euskal Herria eta ekialdeko herri zenbait uztartzen zituen teoria ere defendatu zuen, bai eta euskara eta sanskritoa uztartzen zituena ere. Lan horietan euskal idazle eta gramatikagile zaharragoak (Oihenart, Larramendi, Harriet, Lécluse, etab.) ezagutzeaz gain, Europako hainbat hizkuntzaren gaineko gutxieneko jakintza ere bazeukala erakutsi zuen.

Aipatzekoa da, bestalde, herri-literatura biltzen egindako lana, garaiko erromantizismoaren karietara eta ondoko belaunaldiei bidea zabalduz: “Chaho no fundó escuela, pero su radicalismo, ya que no sus ideas teosóficas, tuvo algunos seguidores, sobre todo suletinos, como el fabulista Archu y Salaberry de Mauleón” (Mitxelena, 1960: 92). Bildutako materialak aldizkari, egunkari nahiz bere liburuetako orrialdeetan barrena kaleratu zuen, eta bere kantutegiaren azken edizioa, Patri Urkizuk prestatua, Susa argitaletxeak kaleratu zuen 2006an.

Idatzitako lan txikiagoen artean Paroles d´un Biskaïen, Paroles d´un voyant eta Pieces Sancti Nersetis argitaragabea aipa daitezke.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

MITXELENA, Koldo (1960): Historia de la literatura vasca Minotauro. Madrid.

OIHARTZABAL, Beñat (1990): “Euskarazko kazetaritzaren lehen entseiua: A. Chahoren Euskal Herriko Gaseta (1848)“. Patxi Altunari omenaldia. Mundaiz. 5. 191-207. or.

PEILLEN, Txomin (1989): “Euskal paganotasunaren berpizkundea gure herriko literaturgintza eta edergintzan”. Egan. 1989-1/6. 11-41. or.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.

URKIZU, Patri (arg.) (1992a): Agosti Xaho. Azti-begia eta beste izkribu zenbait. Elkar. Donostia.

___, (2002b): Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak (1811-1858). Euskaltzaindia. Bilbo.

___, (arg.) (2006): Agosti Xahoren kantutegia. Susa. Zarautz.

VILLASANTE, Luis (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. Oñati.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus