Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

OIHENART, ARNAULT

(Maule, 1592 - 1667)
Paulo Kortazar

Arnault Oihenart euskal klasizismoaren poetarik interesgarriena dugu. Maulen jaio zen 1592an, eta batez ere klasikoak eredu gisa hartzean egin zuen ekarpen handiena euskal literaturara, izan ere, bere poesiaren kutsu jasoa izan zen.

Oihenarten lan literario nagusia Les proverbes Basques recuellis pa le Sr. D’Oihenat, plus les poésies basques du même auteur – Atsotiztzak edo refrauak eta O[ihenar]ten gaztaroa neurtitzetan (1657) da. Berez, maitasun olerkien bilduma bat da, non zenbait emakume alegorikoren irudiak agertzen diren. Kontutan hartzekoa da horien ondoren badaudela eresia bat eta zenbait erlijio kanta ere. Dena dela, Oihenartek lan literario zabalagoa eman zuen argitara: errefrauen bilduma eta L’art poétique basque (1665ekoa izanagatik 1967an argitaratu zena), ‘ars poetica’, euskal poesiarentzako bide berriak zabaldu nahian. Poesiaz gain, Arnault Oihenartek lan historikoak argitartu zituen: Notitia Utriusque Vasconiae, tum ibericae, tum aquitanicae (1638).

Arnault Oihenartek bide klasikoak eta olerkigintza jasoa maite ditu; bere aurretik idatziriko poesia, batez ere Bernat Etxeparenena, “vulgares versificadores” gisa epaitu zuen. Oihenartek Frantziako klasizismoko bideari jarraiki, La Pléyade eskola nagusitzen ari zen garai hartan, poesiarako bertsogintza oso neurtua nahi zuen: errima osatua eta aberatsa, kontsonantea, neurriz zuzena eta egile klasikoek emandako arauei begira jarria; Italian XVI. mendean jarritako legeak nahi zituen euskal poesiarako.

Oihenarten poesiak ildo berriak ekarri zituen euskal literaturara; Koldo Mitxelenak (1960, 76), ordea, idatzi zuen ” ez zela poeta, bertsogile trebea baizik”. Ibon Sarasolak, aldiz, (1976, 124): “esan beharra dago haren konbentzio-joera eta artifizialkeriaren azpian benetako lorpen poetikoak aurki ditzakegula” dio.

Oihenarten poesia oso gogor epaitu izan da, batez ere Mitxelenak esaten duenaren bidetik, artifizioen erabilera eta adituegia dirudien literatura izatea egozten zaio-eta. Iñaki Aldekoak (2004, 35), adibidez, hauxe idatzi du:

“No es la de Oihenart una poesía que destaque por su originalidad ni por su penetración en los sentimientos humanos: responde, por el contrario a pautas imaginarias absolutamente previsibles. Su poesía se atiene a un repertorio de afectos y sentimientos tipificados que cristalizaron en el modelo petrarquista del siglo XVI”.

Hain zuzen ere, horixe da Oihenarten poesiaren baliorik nagusiena. Petrarcaren bidea ekarri zuen euskal literaturara, zegozkion joera klasiko guztiekin. Adibidez, dagokigun egilearen poesiak ardatz nagusi bi izan ohi ditu: emakumearen irudi idealizatuaren agerpena eta autorearen niak aitortzen duen frustrazioa, azken finean ezin baitu emakumea lortu. Metodoari dagiokionez, Petrarcaren estiloa bereganatzeak poesia hausnarketa baten ondoren egiten dela esan nahi du. Bestalde, emakumearen irudia kodifikatuta agertzen da, eta “kontzeptuak”, poemaren eraketak eta moldapenak, dira poetarentzat garrantzi handiena duten elementuak. Ohitura araugile horiek islatu egiten dira aurretik aipaturiko L’art poétique basque liburuan: klasizismoa azaltzen da alde guztietan. Egilearen irakurketen artean idazle klasikoak, errenazentistak eta Frantziako klasizismora atxikiak agertzen dira.

Horregatik guztiagatik, Ohienarten poesia hitz jokoz eta adimenaren espresioz beterik ageri da: hitz jokoak, aliterazioak, errimen joko bereziak, koloreen erabilpen sotila… Silogismoa (dedukzio logikoa) ez da falta egilearen poesiaren eraketan, eta, horregatik, Ohienarten lana artifizial eta zerebral gisa hartzen da. Baina, gogoan hartzekoa da horrelako joerak ohikoak zirela garaiko poesia klasikozalean. Kontzeptista izanik, kontzeptuen jokoak maite ditu egileak, espresio aberats eta klasikozalean zaletu baita. Hala ere, eta era berean, simetria, egokitasuna eta oreka mantentzen ditu, eta ez da ageri sentimenduen ageriko espresio amaigaberik. Orekan daude egilearen balio nagusia eta kritikak ikusten dion hoztasuna.

Laburbilduz, Ohienarten poesiaren ezaugarrien artean hauek dira aipagarrienak:

  • Errima aberatsak maite ditu egileak, luzeak eta silaba kopuru berez osatuak, salbuespenik gabe. Bai eta errima ez kategorialak, hitzen kategoria desberdinak nahastuz eginak ere: izenak eta adjektiboak, esaterako, edo aditzak eta izenak. Dena dela, bikoak askotan erabili ohi ditu, errefrauen oroimena gorderik.
  • Poemak era logikoan egituratzen dira, eta kanon klasikoa maiz erabili ohi du; adibidez emakumearen irudia osatu behar duenean, izan ere, goitik behera eginen du erretratu hori.

  • Poemaren egituraketan kontrajarpenak indar berezia du: lehen/gero kontrajarpenak, adibidez.
  • Alegoriak, hitz jokoak, aliterazioak parte estilistiko handia hartu dute Oihenarten poesian. Maitearen izena maiz erabili izan da hitz jokoa osatzeko, esaterako. Hizkera poetikoan metafora maite du egileak, eta testuetan arruntak dira pertsonifikazioak.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA; Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

ALTUNA, P. :(1992, 1994): “Lapurtarrak Oihenartekin hasarre?”. Hegats. 7. 10-16. Iker. 8. 477-484.

ARKOTXA, A.: (1994): “Oihenarten amodiozko poesien azterketa konparatiboa”. Iker. 8.401-450.

HEGATS (1992). 7. Arnaud Oihenarten omenez. Monografikoa.

IKER (1994). 8. Oihenarten laugarren mendeurrena. Monografikoa.

IRASTORZA, T. (1992): “Oihenarten poemagintza”. Hegats. 7. 17-33.

JUARISTI, J.: (1987): Literatura vasca. Taurus. Madrid.

KORTAZAR, Jon (1996): “Aurnalt Oihenart (1592-1667)” in AULESTIA, Gorka (ed.): Los escritores. Hitos de la literatura clásica euskérica. Sancho el Sabio. Gasteiz. 209-231.

KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Ahozkoa eta klasikoa. XVI-XIX. Erein. Donostia.

LARRAÑAGA, K.:(1995): “Los retos de una efemérides conmemorativa o la deuda de la comunidad vasca para con A. d’Oihenart”. RIEV. 43. XL. 161-176.

MITXELENA, K.: (1960). Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

MUXIKA, L.M.: (1994): “Oihenarten amodiozko neurtitzen tematika”. Iker. 8. 351-399.

ORPUSTAN, J.B. (1992, a). “Prologue” in OIHENART, A, : Proverbes et poesies basques. (1657-1664). Izpegi. Baigorri.

ORPUSTAN, J.B.:(1994. 1992,b) “Bernart Etxepare ta Arnalde Oihenart: ondoriotasunetik harat”. Iker. 8. 451-465. Hegats. 7. 59-72.

SARASOLA, I.: (1976). Historia social de la literatura vasca. Akal. Madrid.

URKIZU, P.: (1992.1994): “Oihenarten atsotitzak berrirakurriz”. Hegats. 7. 73-84. Iker. 8. 329-349.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus