Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LOIDI BIZKARRONDO, JOSE ANTONIO

(Errenteria, 1916 - Irun, 1999)
Amaia Serrano

J. A. Loidi 1916ko abuztuaren 22an jaio zen Errenterian. Batxilergoa Donostiako Marianistas Ikastetxean egin zuen. Karrera hasterako Gerra Zibila gainean zuen, eta garai hori gogorra izan zen Loidirentzat: familiari zeukan guztia kendu zioten, berak gaixorik pasa zituen pare bat urte, eta, gainera, atxiloturik egon zen. Ikasketei lotzeko aukera izan zuenean, arkitektura gogoko zuela ohartu zen, nahiz eta horretarako beranduegi zela iruditu eta “zerbait errazagoa egin behar nuela pentsatu nuen, medikuntza; baina ez zitzaidan gustatu, eta urte berean farmaziagintzan eman nuen izena (…)” (Habe, 1992).

Lizentziatura Madrilen eta Santiago de Compostelan burutu ostean, ezkondu egin zen, eta farmazia bat ireki zuen Irungo Hondarribia kalean (Habe, 1992). Ez zen, baina, familiako botikari bakarra, izan ere, hark zioen bezala:

“(…) Nere emaztea ere botikarioa da, nere bi alaba ere bai, baita nere arrebaren beste bi alaba ere. Emaztearen anaia eta honen emaztea ere hala dira. Beraz, 9 botikario gara, medikuak ere badaude eta kazetari bat era (sic) bada guztiaren historia egiteko” (Habe, 1992).

J. A. Loidik, eguneroko lanaz gain, bazituen beste ardura eta kezka batzuk; horietako bat euskal kultura zen. Familia euskaldunean hezia, ikasketak euskaraz egiteko premiaz jabeturik zegoen (berak ez baitzuen aukera hori izan), eta, horregatik, Irungo ikastola sortzeko lanetan aritu zen. Loidik aitortu bezala, hasieran egindako bilera klandestinoetan beldurra pasa zuen; hala ere, proiektua aurrera ateratzea lortu zuten, ikastola 1962-1963an martxan jarriz (Plazara, 1991).

Euskal literaturan Hamabost egun Urgainen (1955) nobelarekin sartu zen Loidi. Lehenengo polizia-eleberria izateak eta euskara jatorrean idatzia egoteak arrakasta handia ekarri zioten. Liburuak Euskaltzaindiaren Aipamen Berezia jaso zuen, eta, horren ostean, 1957an hain zuzen, euskaltzain urgazle izendatu zuten (Habe, 1992; Ibargutxi & Arozamena). Une horretatik aurrera, Euskaltzaindiaren bileretan parte hartu zuen, gogotsu hasieran, eta hotzago ondoren, izan ere, euskara batuaren sorrerako eztabaidetan izandako esperientzia garratzak beste bide bat hartzera bultzatu zuen. Hala azaltzen du Loidik berak Bergarako batzar batean sortutako liskarra:

“Horretan haserre pranko izan genuen. Ni oso paketsua naiz, ez naiz asko haserretzen, baina Bergarako batzarre hartan ia praile bat jo nuen, Intxausti gainera, oso gogor egin zidalako… Hara, sartu ginen tarteko, eta eman ziguten muturrekoa batetik eta bestetik, eta orduan alde egin nuen. Geroztik, ia ez dut ezer egin Euskaltzaindian; bueno, batzarretara joaten naiz, Donostian egiten direnean, zeren eta kanpoan direnean ezin izaten dut botika utzi. Lehen, berriz, komisio batzutan partaide izana naiz” (Plazara, 1991).

Giroa gustuko izan ez zuenez, Eusko Ikaskuntzaren berrantolaketan lagundu zuen, diruzain gisa lehenengo, diruzainorde gisa gero, eta bazkide modura amaieran (ibid.).

Aipatutako talde akademikoetan egoteaz gain, hainbat kultur taldeko sortzaile eta lehendakari ere izan zen, esaterako Luis de Uranzu Kultur Taldekoa, baita Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkariko kolaboratzaile ere. Halaber, beste hainbat aldizkaritan eta proiektutan ere parte hartu zuen, adibidez, Arantzadi Zientzia Elkarteko Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoan. Gainera, Irungo udaletxearen eta Gipuzkoako Diputazioaren babespean Euskal-Jaiak/Fiestas Euskaras (1983) idatzi zuen, eta huraxe Manuel Lekuonaren hitzaurrearekin argitaratu zen (Ibargutxi & Arozamena).

Bestalde, farmaziari buruzko artikuluak egin zituen, eta ez soilik euskal aldizkarietan. Horrez gain, zientzia arloko lehiaketetan epaimahaikide izan zen, eta zenbait ikastarotan hizlari ere bai, esate baterako Hidrologiaren (Hidronomia del Bidasoa, Aguas superficiales y aguas residuales, Abastecimiento de agua potable izenekoan) edota drogen ingurukoetan (Curso de Formación Consumerista deiturikoan). Halaber, Gipuzkoako Farmazien Kooperatibako sortzaile eta zuzendaritzako kide izan zen; Asociación Española de Farmacéuticos de Letras y Artes (1975) elkartearen sorreran ere parte hartu zuen. Elkarte horretako Pliegos de rebotica aldizkarirako poemak ondu zituen euskaraz Loidik (Ibargutxi & Arozamena).

Oraindik gazte zela, hogeita hamar urterekin edo, J. A. Loidi konturatu zen euskaraz hitz egiten jakin arren, irakurtzeko eta idazteko zailtasunak zituela. Orduan erabaki zuen euskal gramatika, hiztegi eta abarrez baliatuz alfabetatzea. Idazketan gaitzeko, Georges Simenonen liburu bat itzultzeari ekin zion, baina lexikoarekin zailtasunak izan zituenez, hori utzi eta euskaraz zerbait sortzea otu zitzaion, irudiz inolako helburu literariorik gabe (Habe, 1992). Hala adierazten du berak:

“Garai hartan oso gauza gutxi zegoen euskaraz irakurtzeko, eta nik irakurriak nituen, soilik, ba Pernando Amezketarra, Garoa eta horrelako ale batzu. Orduan hasi nintzen alfabetatzen, eta horretarako erosi nituen orduan zeuden liburuak: Azkueren Morfologia, Altuberen Erderismos delakoa, Zabalaren Gramatika, Lopez Mendizabalen Hiztegia eta horrelako ale batzu, eta horiekin hasi nintzen irakurtzen eta idazten. Ikasteko pentsatu nuen era ona izango zela itzulpen bat egitea, eta horretarako hartu nuen Simenonen nobela bat, eta topatu nituen oso pasarte zailak (…) eta, orduan, hori utzi eta hasi nintzen nerekasa (sic) nobela bat idatzen (sic)” (Plazara, 1991).

J. A. Loidiri hastapenean aipatutako polizia-eleberriak eman zion ospea ez zen nolanahikoa izan: zazpi argitaraldi izan zituen Hamabost egun Urgainen (1955) liburuak; katalanera itzuli zen 1961ean, tartean zentsurak itzulpena kaleratzeko baimena ukatu zuelako arazoak egon arren.

Nobela horretan Martin Garaidik Urgain herrian egiten duen ikerketa da hizpide. Ehorzleak hilerrian burezur bat aurkitu du, herriko pertsonaia aberats baten semearekin ezkonduta zegoen emakumearena. Hezurrak, baina, tiro bat duela dirudi. Hizkuntzari dagokionez, iritzi ezberdinak jaso ditu nobelak: Argia aldizkariari egindako elkarrizketa batean idazleak aitortzen du “modu errazean” idatzi zuela, “gauza atsegin bat egin nahi” zuela (Camino, 1985) eta, horretarako, hizkera jatorra, herrikoia, erabili zuen. Hautu hori, aldiz, ez zen kritikari guztien gustuko izan. Ibon Sarasolak (1971), adibidez, joera purista nagusi zen garaian “euskara herrikoi eta bizia” aukeratzea progresista zela uste arren, liburuan zehar agertzen diren hainbat esaldi arruntak eta onartezinak direla esaten du. Alabaina, Xabier Mendigurenen eta Koldo Izagirreren aburuz, eleberri “txukuna da Loidirena, bai kontaketa-teknikaz, bai hizkera narratiboz ere, eta alde horretatik mesede handia egin zuen bere garaian, euskara zapaldurik, arbuiaturik eta ia debekupean zegoen hartan, Europa osoan bezalako lanak egin zitezkeela erakutsi baitzuen (1998, 254).

Hamabost egun Urgainen (1955) eleberria argitaratzeaz landa, literaturarekin lotura zuzena izan zuen Loidik, Irungo zein Hondarribiko udalen literatur lehiaketetan ez ezik, Euskaltzaindiaren literatur lehiaketetako epaimahaietan ere egon zen. Euskal Idazleen Elkarteko eta Kardaberaz Bazkunako kide izan zen, eta bere lehenengo idatziak toponimiari buruzkoak izanagatik, ipuin batzuk ere argitaratu zituen Egan aldizkarian, baita Juan Antonio Zunzunegiren Dos hombres y dos mujeres en medio liburuko “¡Oh, el mar!” ipuinaren itzulpena egin ere (Onaindia, 1990, 122).

J. A. Loidi ohorezko euskaltzain izendatu zuten 1998an (San Martin, 1999, 1277). Maite zituen bi alorretan euskara indartzeko ahalegina egin zuen, baina 1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, 83 urte zituela. Bertako udaletxeak botikariaren omenez “Jose Antonio Loidi” izeneko beka sortu zuen, euskaraz egindako ikerkuntza bultzatzeko asmoz.

BIBLIOGRAFIA

CAMINO, Iñaki (1985): “J.A.Loidi: “Liburu gehiago idatzi eta irakurtzen da gaur egun”” (J. A. Loidiri elkarrizketa) in Argia 1071. Online: http://www.argia.com/argia-astekaria/1071/jaloidi-liburu-gehiago-idatzi-eta-irakurtzen-da-gaur-egun [kontsulta: 2011-04-10].

HABE aldizkaria (1992): “Jose Antonio Loidi: “Familian bederatzi botikario gara”” (J. A. Loidiri elkarrizketa) in Habe 211. Online: http://www.ikasbil.net/jetspeed/portal/media-type/html/language/es/user/ anon/page/artikulua;jsessionid=35D2F05A678BBA9096F64E624757A070?gid=124663 [kontsulta: 2011-04-14].

IBARGUTXI, Felix & AROZAMENA, Ainhoa (2002-2009): “Jose Antonio Loidi Bizkarrondo” in Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online: http://www.euskomedia.org/aunamendi/79177 [kontsulta: 2011-04-14].

PLAZARA aldizkaria (1991): “Jose Antonio Loidi: nobela botikarik onena denean” (J. A. Loidiri egindako elkarrizketa) in Plazara 17, 1991. Online: http://andima.armiarma.com/plaz/plaz1609.htm [kontsulta: 2011-04-14].

MENDIGUREN, Xabier & Koldo IZAGIRRE (1998): Euskal literaturaren antologia. Elkar. Donostia.

ONAINDIA, Santi (1990): Euskal literatura VI. Etor. Bilbo.

SARASOLA, Ibon (1971): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.

SAN MARTIN, Juan (1999): “Jose Antonio Loidi-ren oroitzaz (1916-1999)” in Euskera. XLIV. 1277-1281.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus