Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LANDART, DANIEL

(1946)
Iñigo Barbancho

Daniel Landart Urruti Nafarroa Behereko Donostirin jaio zen 1946ko abenduaren 11an. Egun, Lapurdiko Uztaritzen bizi da. Osasun ahula zela eta, ikasketak bertan behera utzita, hamalau urte zituela inprenta batean hasi zen tipografo lanetan.

Landart antzerki munduan egindako lanengatik da batez ere ezaguna, antzezle, idazle eta zuzendari-lanetan aritu izanagatik. 1967an Antzerkilariaren Biltzarra elkartea sortu zuen Baigorrin, eta Euskal Antzerki Taldeen Biltzarraren (EATB) barruan ere lanean jardun zuen. 1983an “Zuzendari egokienari” saria eman zioten Azpeitiko Antzerki Topaketan. 1985ean, berriz, Baionako Euskal Herria Kulturtegiko antzerki eta bertsolaritza arloko arduradun izendatu zuten.

Euskararen eta euskal kulturaren alde lan handia egin duen gizona da Landart. Enbata mugimendu politikoan parte hartu zuen gaztetan. 1960an Baionako gazte talde batek Enbata izeneko aldizkaria sortu zuten, 1963an mugimendu politiko bilakatuko zena. Azken horren helburua, batetik, Iparraldearentzako departamentua lortzea zen eta, bestetik, Euskal Herri osoa lurralde autonomo bakarrean batzea. 1975ean mugimendu politikoa desagertu egin zen, baina aldizkariak aurrera jarraitu zuen. Horrez gain, 1990etik aurrera, Landart Euskal Kultur Erakundeko (euskal kultura Ipar Euskal Herrian sustatzeko xedea duen erakundeko) arduradunetako bat da. Euskaltzain urgazlea da 1979az geroztik, eta 1981-1984 bitartean Radio Côte Basque irrati publikoko kronikalari aritu zen, igande goizetako saioetan.

Obrari dagokionez, Daniel Landartek genero anitz landu ditu: poesia Hogoi urte (1968) liburuarekin; antzerkia Mendiko bakea (1962), Hilak hil (1963), Herro eta nigar (1964) (Euskalzaleen Biltzarrak saritua) Gure haurra (1966), Bai ala ez (1971), Noiz, Hil biziak (1972), Xuri gorriak eta… (1973), Ama, eta Nola jin hala joan (1981), lanekin (hauetariko batzuk Erranak erran bilduman jaso zituen 1981ean); eta, azkenik, prosa Aihen ahula (1978) testu biografikoarekin eta Batita haundia (1994) (Hirun Hiria Literatura Saria jaso zuena) eta Anaiaren azken hitzak (1999) nobelekin. Zenbait aldizkaritan kolaboratzaile moduan parte hartu du, hala nola, Gazte, Pan-Pin, Herria, Enbata eta Egan. Bi itzulpen azpimarragarri egin ditu: Federico García Lorcaren Odol ezteiak (1966)) eta Bertolt Brechten Amaren armak (1969). Hamaika kanturen letrak idatzi ditu, besteak beste, Mikel Laboa, Gorka Knor, Anje Duhalde, Mixel Ducau abeslari eta Errobi taldearentzat.

Beraz, antzerkigintzan espezializatu bada ere, Landarten lehen lana Hogoi urte izenburupean argitara emandako poesia sorta izan zen. Liburu hori garrantzitsua izan zela esan daiteke, Ipar Euskal Herriko literaturan belaunaldi berri baten jaiotza markatu zuelako. Belaunaldi hori osatzen zuten gazteen bi ezaugarri garrantzitsuenak hauek lirateke: euskararen eta Euskal Herriaren batasuna nahi izaea eta apaizak ez izatea, laborari eta langileak baizik. “Poesia ere desberdina eginen dute; xumea, arrandikerietatik urrun, bere herriari eta erroei lotua, sentimenduak ezkutatzen ez dituena eta eguneroko bizitzan eta arazoetan edaten duena” (Mendiguren & Izagirre 1998).

Antzerki-lanei dagokienez, Zabalak literatura konprometituaren alorrean kokatzen du Landarten obra. Ipar Euskal Herriko arazoez arduratzen diren testuak dira Landartenak, bide berriak urratzen dituztenak (Zabala 1979).

Prosari alorrean, Aihen ahula lan autobiografikoa aipatu behar da, batetik. Bertan, haurtzaro-garaia oroitzen du Landartek, “sorlekuko kontuak, ikastetxekoak, erlijio hastapenak, herriko gorabeherak eta gisa guztietako istorioak” (Landa 1989). 1978an argitaratu zen lehen aldiz, 1982an bigarrenez eta 1989an azkenekoz.

Memoria horiez gain, bi nobela kaleratu ditu Landartek. Batita haundia Ipar Euskal Herriko nekazal munduan kokatzen da, desagertzeko zorian dagoen mundu zaharrean. Bertan jaio, hezi eta bizi izan den pertsonaia baten azken momentuak deskribatzen dira: Batita izeneko nekazariaren gaixotasuna eta heriotza. Batita hiltzear dago, bere mundua bezalaxe, baina hori gertatu baino lehen urtetan zehar ezkutaturik egon diren bi sekretu azaleratuko dira: Batitaren adulterioa eta haren semearen homosexualitatea.

Anaiaren azken hitzak, Batita haundiaren antzera, Ipar Euskal Herriko nekazal munduaren isla da. Paxkal eta Abel anaiak dira eleberriko pertsonaia nagusiak. Bere izenaren oihartzunari jarraiki, Abel Paxcalen besoetan hiltzen da, nahiz eta, oraingo honetan, heriotza istripu baten ondorioa den eta ez erailketa baten fruitu. Azken hatsarekin batera, Abelek azken hitzak botako ditu, eta horiei nola erantzun zalantzan ibiliko da Paxkal aurrerantzean. Abelen eskaerak –gauzak bere kargu har ditzala agintzen dio anaiari– desorekatu egingo du Paxkalen bizitza: “Desoreka honen aurrean, Paxkal nobela osoan zehar oreka berriro bilatzen saiatuko da, azkenean bere destinoarekin topo egin arte. Pertsonaia “integratu” gisa agertuko zaigu orduan, baserria bere gain hartuz, bizitzatik modernitate-kutsua zuten ekintzak baztertuz. Ezen bizitzak hautatu du, Paxkalen ordez. Halabeharra da nagusi, azken finean” (Rojo 1999).

BIBLIOGRAFIA

IBARGUTXI OTERMIN: “Daniel Landart”. Auñamendi Entziklopedia. http://www.euskomedia.org/aunamendi/96764

LANDA, Josu (1989): “Aihen ahula“. Argia. 1989-7-30. http://kritikak.armiarma.com/?p=3269

MENDIGUREN, Xabier/ IZAGIRRE, Koldo (1998): Euskal literaturaren antologia. Elkar. Donosti. http://zubitegia.armiarma.com/aipa/men/00094.htm

ROJO, Javier (1999): “Anaiaren azken hitzak“. El correo. 1999-06-23. http://kritikak.armiarma.com/?p=2040

ZABALA, Enrike (1979): Euskal literatura alfabetatzeko. Pax. 1979. http://zubitegia.armiarma.com/aipa/zab/00094.htm

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus