Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

IZAGIRRE, KOLDO

(Altza-Pasaia, 1953)
Asier Barandiaran

Koldo Izagirreren bio-bibliografia egiteko tenorean bere lan eta alderdi oparoak nola laburtu da lehenengo buruhaustea. Izan ere, idazle, itzultzaile, gidoigile… hainbat arlotan aritu da. Lehenengo liburuak argitara orduko, aldizkarigintzan aritua zen, eta Bernardo Atxarekin batera, Ustela aldizkaria sortu zuen. Artean euskal poesia sozialak edota existentzialak bor-borrean zirauen garaian, barneratze- ahalegina egin zuen Izagirrek Itsaso ahantzia (1976) poesia liburuarekin. Horrelaxe egin zuen aurkezpena letren mundura eta jadanik bere literaturan iraungo zuen ezaugarri bat ere aurkeztu zitzaigun: tendentzia nagusien aurrean ez makurtzeko joera, inolako lerratze ideologiko jakinaren mende ez egoteko joera. Horrek, poesia-hizkera berri bat ekarri zuen, eta baita gaitzespenen bat ere.

Hizkera berria aipatua dugunez, Zergatik bai (1977) narrazioak horixe dakar, besteak beste. Euskara batua gizartean bere lekua egiten ari zen garaian, Koldo berehala konturatzen da errealitatearen eta konstrukto ideologikoaren artean dagoen amildegiaz, eta ume zein pertsonaia arrunt batzuen pentsamendu kaotiko eta sortzailearen bidez aurpegiratzen digu ikusi nahi ez dugun amildegi hori.

Izan ere, Koldo Izagirre jakitun da hizkera eta bere literatura berezia batera doazela, edo batera joan behar direla, behintzat. Baina berezi izate horrek badakar zerbaitengandik bereizi beharra, badakar jauzia egiteko abiapuntu bat, oinarri bat. Eta ondradu jokatzen du horretan. Pasaiarrak aspalditik ekin zion euskal hizkera, euskal literatur hizkuntza, euskal literatur kritika ikertzeari. Euskal Lokuzioak (1980) horren aurreneko emaitza mardula dugu. Euskal prosa modernoa sortzeko behar-izana ikusi zuten euskara batua abian jarri zutenek, eta Koldo Izagirre jakitun da hori ez dagoela gauzatzerik hizkuntzaren tresna bat aztertu eta doitu barik. “Euskararen gorputz hilean eta bizian barrena sakabanaturik ditugun ontzurreak bildu” egiten ditu Koldok (aurreko beste biltzaileen lanak baliatuz, noski) eta idazle zein irakurlearen esku utzi, hizkuntzalariek planifikatu eta marraztu duten plangintzak haragi-mamiak izan ditzan.

Ikerketa lan horretan idazle klasikoen lanetara jotzeaz gain, bertsolarien corpusa ez du albo batera laga nahi izan. Eta bertsolaritzarekin zordun agertu da behin baino gehiagotan. Esan nahi baita, bertsolaritzak literaturari berari egin dion ekarpenaz aritu da behin baino gehiagotan. Koldo Izagirre ez da adierazpenetan gelditzen den horietakoa: 1999an, esaterako, Fernandoren Heriotza amezketarra eman zuen argitara, hain zuzen, hartzekodunik onartzen ez zuen egile (bertsolari) baten bizitzaz diharduena, baina ez modu biografikoan idatzita, ez bada modu askean, huraxe baitzen Fernandok munduari egindako ekarpena: askatasun unibertsalarekiko “lotura” estua.

Itzul gaitezen, baina, Koldo Izagirreren ikerketa arlora. Asmo eta eroapen handikoa da egile honen jarduna. Euskal zineari eusteko ez du higuinik erakutsi, eta Gure zinemaren historia petrala (Susa, 1996) izeneko liburuan agertu zituen gain honen inguruko bere gogoeta eta analisiak. Ez da historia hutsa, euskal zinemak historia liburu bat egiteko ez baitu apenas gairik eskaintzen. Zinemaren emaitza murritzak dira, eta gai horri lotutako gertakizun eta anekdotek aitzakia ematen diote XX. mendeari buruzko soziologia oso berezia egiteko, ironia eta ziria falta ez dituelarik.

Urte berean beste ikerketa lan bat argitaratu zuen Iñigo Aranbarrirekin elkarlanean: Gerraurreko literatur kritika (Labayru Ikastegia eta Amorebieta-Etxanoko Udala, 1996). 1920ko hamarkadatik hasi eta gerrara arteko euskarazko literatura jarduera, lan kritikoak eta eztabaida literarioak aztertzen ahalegintzen dira bertan. Gure arteko Euskal Pizkundeak beste zonaldeetako “pizkundeekin” izan zuen harremana ere aztergai dute: Kataluniako Reinaxença, Galiziako Rexurdimento, Portugaleko Renascença, eta Proventzako literatur mugimendua gurean zenbateraino izan ziren erreferentziak eta ereduak ere aztergai da.

Ez da harritzekoa, beraz, ikerketa horren aurretik eta gerora ere garai hura narrazio eta nobelaren kokaleku izatea. Koldo Izagirrek idatzitako aurreneko nobelak garai harekin zerikusi zuzena dauka: Euzkadi merezi zuten (Hordago, 1984). Gertakizun batzuetan sustraituta egon arren, gertakizunon sortze “estilistiko iradokitzaile eta barrokoa” (Olaziregi 2002) jorratzen du Izagirrek. Pasaia inguruan gertatzen diren kontuak dira, garai hartako egoera politikoarekin, mutiko gazteen ibilerekin, gerra garaiko traizioekin, erreketen mugimenduekin, sagardotegietako afari legeekin eta bestelakoekin lotutakoak guztiak. Pasaiatik gertuko Donostia dugu egile honen ikerketaren beste materia desiratutako bat. 1998an (Susa Argitaletxean) kaleratu zuen Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998) izenburudun liburua. Dokumentazio-lana antzematen da liburu horren atzean, bai eta trebezi handia ere, datuak, egileak, euskalgintzan egindako aurrerapausoak, euskaldungoaren ezaugarriak, eta abarrak lotzeko, bere idazle-luma arina dantzarazten duen bitartean. Handik urte batzuetara, Donostia. Hiri bat literaturan literatura baten hiria (Alberdania, 2002) antologia kaleratu zuen, berriro ere euskal literatura zeinen ondo jorratua eta aztertua duen erakusten duen testu bilduma izaki.

Donostia ikusteko modu anitz dagoen bezala, Pasaia (bere esanahia, bere sinbolismoa, bere inspirazioa…) ikusteko beste modu bat poesia dugu. Non dago Basques´ harbour? galdera da bere poema baten izenburua (Susa, 1997). Poesiaren bidez, neurri batean behintzat, ume baten oroimena berreskuratu nahi duela; izan ere, garai bateko Pasaia (eta gaurkoa) poesia pizten ahal duen txinparta izan daiteke. Haurtzaroan portua bere aberria izateaz gain, mundurako atea (ate herdoildua, nahi bada) ere bazen, eta itsasoaren askatasuna (eta aberri berria) lortzeko abiapuntua ere bai. Hori hizkuntzen erabilera nahasian, errealitate deseroso eta debekatuen aipamenean eta antzekoetan nabaritzen da. Arestian aipatutako bertsolaritzarekiko atxikimendua, adibidez, “Portukoplak” izeneko konposizioan antzematen da, non poemak neurri horretara errendintzen ederki moldatzen dela erakusten baitu.

Poesiaz ari gara, eta biografia honen hasieran aipatutako Itsaso ahantziaren eta aipatu berri dugunaren artean, badira beste hiru poema-liburu: Oinaze zaharrena (Ustela Saila, 1977), Guardason ahantzia (Ustela Saila, 1978) eta Balizko erroten erresuma (Susa, 1989). Obsesio sakon batek akuilaturik nolabaiteko eduki politiko gehiago duen poesia modu bati lotu zitzaion, adierazpen barrokoaren bideetatik, forma poetiko askotarikoak darabiltza. Non dago Basques’ harbour delakoaren ostean beste poesia liburu bi etorri ziren: Teilatuko lizarra (Susa, 2006) (kantu liburutzat hartua, berak bildutako baladak, koplak, sehaska kantak, bluesak eta bestelako kantu-gaiak dituela( eta Rimmel (Susa, 2006). Azken hori bere alabaren inguruko poesia- liburua da, eta bere esperientzia pertsonal hori herriaren esperientzian txertaturik ere ikusten dugu, agian bata bestearen sinbolo halako bat izanik.

Poesia eta narrazioa nahiko batera etorri ziren Koldo Izagirreren ekoizpenean, eta halaxe jarraitu dute bere ibilbide luzean. Lehenago aipatutako Zergatik bai narrazio liburuari beste batzuk jarraitu zitzaizkion: Gauzetan (Ustela Saila, 1979), Mendekuak (Susa, 1987), Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak (Elkar, 1991), Vladimir (Erein, 1996), jadanik aipatu Fernandoren heriotza amezketarra (Bertsolari liburuak, 1999) eta Sua nahi, Mr. Churchill? (Susa, 2005). Bitxia da, ezen, Sua nahi, Mr. Churchill? obran gertatzen den moduan, sarri jende xehearen istorioak izaten baitira (portuetako bizimoduari lotuak, euretarik batzuk), non lanaren gogorra eta gizaki batzuen kemena eta kuraia nabarmentzen diren. Gainera, Non dago Basques’ harbour liburuaren irudiez baliatzen denez, bere idazkera prosa poetikoaren gradura heltzen da, bere kontaerari beste dimentsio eta sakonera erantsiz. Gerra eta gerra osteko erresistentziak ardatz sendoa osatzen dute narraziootan, eta inguruan pertsonaia “agirretarrak” ageriko zaizkigu, pertsonaia galtzaileak baina beren adoreari eusten diotenak. Pertsonaia agirretarrak aipatu berri ditugu, eta –horixe da Koldo Izagirreren beste lorpen bat– idazle pasaiatarraren Metxa esaten dioten Agirretar baten ibili herrenak (Elkar, 1999) liburua irakurri duenarentzat euskal literatura jada ez da berdina izango, ahaztu ezineko pertsonaia bat sortu delako bere begien aurrean: Agirre’tar Nikola edo “Metxa”. Gizaki erresumindua, galtzailea, baina bere bihotza duena eta kemena dituena, inoren aurrean erraz makurtzen ez den horietakoa.

Gerra aurrean eta ostean sakondu duela ez dago dudarik. Jada Euzkadi merezi zuten izeneko aurreneko eleberria han kokatzen da. Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) nobela, ostera, beste “gatazka” batera hurreratzen da. Bigarren karlistaldi galduaren osteko garaian kokatzen da, Michelle Angiolillo ekintzaile anarkista (Bergaran exekukatua, Cánovas del Castillo politikaria hiltzearren) protagonista dela. Denbora bi planotan hedatzen da: plano bat Agiolilloren azken aldia dugu, eta bestea, ETAkide baten garaia da. Badago antzekotasun bat ekintzaile bien artean: biak daude heriotzara kondenatuak, nahiz eta bigarrena zigorretik libratuko den. Bertan narratiba modernora ondo egokiturik, denboran egindako urreratze-atzeratzeak eta pertsonaien hitzak nahastea dira eleberrion ezaugarrietak.

Inongo gatazkari heltzeko beldurrik ez duela erakustearren, Agirre zaharraren kartzelaldi berriak (Elkarlanean, 1999) nobela idatzi zuen, sekulako asmazioa suertaturiko Metxa pertsonaiaren beste pasadizo batzuk kontatuz. Joseba Jaka beka irabazi zuen lan hori egiteko. Kartzelarik kartzela ibiltzea otu zaio Metxari, kartzelaratuei dotrina emateko. Ez dotrina erlijiosoa ezpada politikoa. Gizaki paradoxiko eta ipurterrearen eredu izaten jarraitzen du, gizakiaren eta giza-taldeen ideologien artean izan ohi den talkaren emaitza bizi eta esanguratsua dugu pertsonaia, bestalde. Hizkera barrokoa darabilen arren, istorio xamurra eta eduki politiko gardenekoa lortzen du.

Hain asmazio ona izan zen Metxarena, ezen Eneko Olasagasti gidoigileak antzezlan bat prestatu zuen “Metxa” izenarekin, bai eta 2003an antzeztu ere. Liburuetatik ihesi eta bizitza propioa izatera ailegatu da, eta hori nahiko adierazgarria dela ematen du.

Koldo Izagirrek ondotxo daki zinea dela esperimentazioaren esparru berebizikoa eta bera, esperimentazalea izaki, aspalditik ekin izan dio arlo horri bere dohain literarioak han ere luzituz. Mundura Jaio (1983) izan zen ekoiztu eta zuzendu zuen aurreneko laburmetraia. Gero, Kalabaza tripontzia (1985) euskaraz egin den lehenengo marrazki bizidunen filmari gidoia idatzi zion. 1986an Hautsi zure marka laburmetraia-dokumentalaren gidoia idatzi, dokumentala bera zuzendu eta ekoiztu egin zuen. Jon Ezeizarekin batera, Ke arteko egunak (1989an estreinatua) euskal filmaren gidoilaria izan zen. Amor en off-en edo Off-eko maitasuna (1991) filmaren zuzendari aritu zen. Gidoia ere Usoa Urbietarekin batera konposatu zuen. Maitasun-triangelu bat dugu kontakizun honetan, baina bere pertsonaiak bereziak dira: preso dagoen etakide bat, bere neska-laguna eta azken horrengana hurreratu den beste gazte bat.

Errealitate deserosoen aipamenei jarraikiz, Koldo Izagirrek euskarazko kronikagintzari egindako ekarpena ezin dira bio-bibliografia honetatik kanpora laga. Ez duk erraza, konpai! (Susa, 1995) izan zen aurrenekoa. Kontrastez eta kontraesanez beteriko Kubari argazki literarioa ateratzen dio bertan, Karibeko irla hura zeharkatu eta iruzkintzen duen bitartean, autofikzio moduko bat eginez. Lau urte geroago, “Merry Christmas, Panama” esan zuen heriotzak (Euskaldunon Egunkaria, 1999) kronikarekin Ameriketako Estatu Batuek egindako Panamaren inbasioa jorratzen du Koldo Izagirrek, gertakizunaren hamargarren urteurrenean hain zuzen, orduko Euskaldunon Egunkariaren eskariz.

Deserosoa litzateke, antza hain modu erosoan itzulitako Izagirreren itzulpen-lan guztien iruzkina egitea. Idazle honen beste arlo oparoa. 15 liburu inguru itzuliak ditu. Bere zenbait narrazio, nobela eta poesia-liburu ere beste hizkuntzetara itzuli dira. Ez da “balizko errota” bat bere literatura, oso benetakoa baizik.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

ITURBIDE, Amaia (1995): “Kubatik”. Euskaldunon Egunkaria. 1995-12-30.

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra. Labayru Ikastegia. Bilbao Bizkaia Kutxa. Bilbo.

KORTAZAR, Jon (zuz.) (2003): Egungo euskal eleberriaren historia. Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua. Bilbo.

KORTAZAR, Jon (zuz.) (2006): Egungo euskal poesiaren historia. Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua. Bilbo.

MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier (1997): “Petral baina gozo” in Argia. 1997-02-02.

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia. Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus