Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GEREÑO, XABIER

(Bilbo, 1924-2011)
Jon Kortazar

Xabier Gereñok bide luzea egin du euskal literaturaren eta kulturaren esparruan. Administrazio-lanetan aritua lanbidez, enpresa pribatuan aritu zen lehenik, eta ondoren Euskaltzaindiko administrazioa atondu zuen 1980tik aurrera. Langintza horretan jubilatu zen.

60ko hamarkadan euskal kultura suspertzeko ahaleginean aritu zen, batez ere musikaren alorrean: Euskal Abestien Sariketen Antolatzailea izan genuen, eta CINSA diskoetxearen arduraduna; etxe horretan eman ziren argitara Benito lertxundiren lehen diskoak, adibidez.

Literaturaren esparruan bere eginbidearen joera nagusia kontsumo-literatura irakurterraza sortzea izan da; behin baino gehiagotan, gainera, edizio propioak sortu izan ditu, bai eta bere argitaletxeak suspertu ere.

Bana, ez zen horrela izan beti: egilearen lehenbiziko nobelek euskal gizarteak barnean bizi zuen tenka agertu nahi izan zuten: bai frankismoarekin zegoen gatazka, bai indar tradizional eta berritzaileen artean zegoen ezinegona plazaratu nahi izan zituen egileak. Arantza artean (1969), Argi bat iluntasunean (1970) eta Nora naramazue (1972) izendatu zituen lehenbiziko eleberri haiek, eta berak dioen bezala:

“Izenburu tragikoak edo ilunak ezta? Ba, garai hartako egunak ilunak zirelako” (Bilbao, 1990, 172)

Andereño (1975) nobelak benetan gertatu zen gertakaria ekarri zuen orrialdeetara. Tesi-nobelatik hurbil, ikastola baten barnean gertatzen den eztabaida larria da nobelaren bilbe-haria. Aurki, lan hori dugu egilearen obrarik gogoangarriena.

Handik laster, 1978an bere izeneko argitaletxe propioa sortu zuen:

“Behin izenburu bat jarri nuen eta beraiek aldatu egin zidaten eta niri ez zitzaidan batere gustatu […] Orduan nire argitaletxea sortu nuen. 1978-an abiatu zen neure izeneko argitaletxea. Nik neuk nahi nuen jarri izenburua (sic), neuk zuzendu neure testuak, neuk nahi nuenean argitaratu eta neuk nahi nuen moduan.” (Bilbao, 1990, 173)

Ordutik aurrera, nobela asko argitaratu zituen Xabier Gereñok: nobela poliziakoak, espioitzaren ingurukoak… genero-nobelak azken batean. Denetariko gaiak landu ditu: abenturazkoak, jakin-mina pizten dutenak, maitasun-historiak, egoera soziala eta nazioartekoa kontutan hartzen dituztenak, egunerokotasunean oinarrituak…

Konspiratzaileak nobelarekin 1985eko Irun saria irabazi zuen.

Hauek dira egilearen iritziak bere lanari buruz:

“Idazteko zailenak, umorezko gaiak dira. 1983an idatzitako Antonello Euskal Herrian nobelak arrakasta handia izan zuen […]Nobela poliziakoak ere asko gustatzen zaizkit eta baita historikoak ere, esaterako 1985-ean Irun Saria irabazi zuen “Konspiratzaileak” lanak, maitasunezkoak, amodiozkoak… Baina gehien gustatzen zaizkidanak umorezko gaiak dira. (Bilbao, 1990, 174)

Antzerki lan asko argitaratu zituen 80ko hamarkadan, eta, gero, 2000tik aurrera. Gazteleraz ere argitaratu zituen hiru nobela.

Literatura hartzaileengana argi eta garbi heltzea nahi zuen Xabier Gereñok, eta euskararako irakurleen bila idatzi zuen bere genero-obra zabala.

BIBLIOGRAFIA

Bilbao, Begoña (1990): “Xabier Gereño: Ibilbide literarioa eta memoria”. Hegats. 34. 169-186.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus