Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GARIBAI, ESTEBAN

(Arrasate, 1533-Madril, 1599)
Eneko Zuloaga

Nahiz eta familia oñatiarra eta ganboatarra izan, Esteban Garibai Gipuzkoako Arrasaten jaio zen 1533an. XVI. mendeko euskal kultur gizon jantzienetako bat izan zen. Oñatiko Unibertsitatean hasi zen ikasten, baina gero Gasteizen eta Santo Domingo de la Calzadan ere aritu zen.

1556an Arrasaten ezkondu zen, eta bertan finkatu zuen bizimodua (alkate izatera iritsi zen), historiaz idazteko asmoz. Buruan zeukan obra idazteko, baina, Espainian eta Portugalen barrena ibili zen, dokumentazio bila. Hamar urteren buruan lana amaitu eta 1570ean Flandriara joan zen, argitaratzaile bila. Asmoa lortuta, betan kaleratu zen obra, berrogei liburukitan Compendio historial de las crónicas y Universal Historia de todos los reinos de España izenburupean (Amberes, 1571). Kronologikoki, garaiko espainiar monarkiaren menpe zeuden erreinu guztien lehenengo historia orokorra da. Hain zen lan mardula non, Axularrekin gertatu bezala, batzuek arrasatearrak deabruaren laguntza eduki zuela pentsatu baitzuten (Villasante, 1961: 62). Euskal Herriari dagokionez, Euskal probintziak Gaztelaren baitan kokatu zituen, Nafarroako erresumatik bereizita.

1575ean Felipe II.arekin batzartu zen, eta erregeak liburuzain izendatu zuen. Handik bi hamarkadara, 1592an, erregearen kronista ere bihurtu zen.

1596an Ilustraciones Genealógicas de los Catholicos Reyes de las Españas y de los Cristianísimos de Francia agertu zen Madrilen. Berez, Grandezas de España lan mardulago baina argitaragabearen ataletako bat zen. Orotara eskuz idatziriko hamaika liburukik osatzen dute azken obra hori, baina hamaikagarrena baino ez zen argitaratu, XIX. mendean, Memorias de Garibay (Historiaren Erret Akademia, 1854) izenburuarekin.

Esteban Garibaik ez zuen literatur lanik idatzi, baina aski garrantzitsuak dira bere obran, han-hemen jasotako euskarazko errefrau edo esaera zahar eta kanta-zatiak.

Orotara bi errefrau-bilduma konposatu zituen, eta Juan Idiakez-i igorri zizkion. Ez daukagu bildumon originalik, baina batzuen kopia bat Espainiako Liburutegi Nazionalean G139 kodeaz dago gordeta. 1854ko memorietan argitaratutako errefrauak dira horiek, eta letra XVII. mendekoa da, hots, baten batek kopiaturikoak dira. Beste errefrauei dagokienez, aipatutako liburutegian Cc79 kodea zeukaten, eta badakigu B. Maestre-k F. Michel-i oparitu zizkiola. Oihenarten atsotitzen argitalpen batean argitaratu zituen Michelek eranskin gisa. Ordutik hona, J. Urkixok (Los refranes de Garibay, 1919) eta J.R. Zubiaurrek eta J.Arzamendik (ASJU X aldizkarian, 1976) argitaratu dituzte berriro ere.

Bi bildumetan bildutako esaerak bizkaierazkoak dira, baina bigarrenekoan gipuzkeraren eragin zenbait ere ikusten da. Ez dakigu, baina, Garibaik horrela idatzi zituelako edo XVII. mendeko kopista gipuzkoarra zelako den hori horrela.

Kantei dagokienez, aipatzekoa da, laburrak izanagatik, literaturaren, historiaren eta hizkuntzaren ikuspegietatik daukaten interesa eta garrantzia. Mitxelenak Textos arcaicos vascos lanean bildu eta iruzkindu zituen. Horien artean daude “Beotibarko gudaren kanta” (Mila vrte ygarota…), “Milia Lasturkoaren eresia” eta “Artazubiagako Martin Bañez-en eresia”.

Esteban Garibai Madrilen hil zen 1599an.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

AROCENA, Fausto (1960): Garibay. Itxaropena. Zarautz.

ARZAMENDI, Jesus Eta ZUBIAUR, Juan Ramón (1976): “El Léxico vasco de los Refranes de Garibay”. ASJU. X. 47-145. or.

LAKARRA, Joseba Andoni (1986): “XVI. mendeko bizkaierazko errefrauez I. Garibairen bildumak”. ASJU. XX-1. 31-65. or.

MICHELENA, Luis (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

______________, (1964): Textos arcaicos vascos. Minotauro. Madrid.

VILLASANTE, Luis (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. Oñati.

URQUIJO, Julio (1919): El refranero vasco I. Los Refranes de Garibay, Imprenta Martin, Mea y Comp., Donostia. 2. argit. RIEV2 27 (1976).

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus