Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GARATE, GOTZON

(Elgoibar, 1934 - Bilbo, 2008)
Alvaro Rabelli

Euskal idazlea, hizkuntzalaria eta apaiz Jesulaguna izan zen Gotzon Garate Goihartzun. Lehenengo ikasketak Elgoibarren bertan eta Durangoko jesuitetan egin zituen. Ondoren, Loiolan eta Bartzelonan jarraitu zituen ikasketak. Azkenik, Madrilgo Konplutentsean doktoratu zen Filosofian. Innsbruck-eko Unibertsitatean Teologian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoan, eta Fribourgeko Unibertsitatean, ostera, Marxismoan espezializatu zen. Horrez gain, Garate izan zen Euskal Filologia lizentziaturaren sortzaileetako bat Deustuko Unibertsitatean, 1978an, hura izanik halako ikasketak abiarazi zituen lehenengo unibertsitatea. Garate bertako irakaslea izan zen hil zen arte; Euskal Filologiako literatura katedraduna zen. Kultura zabal-zabalekoa izanda, Garatek egonaldi ugari egin zituen New Yorken, Moskun eta Indian. Euskararen alde egindako lana garaiko euskalari handiek egindakoaren parekotzat jo genezake. Naturalismoaren ideietan errotuta, Garate euskara batuaren defendatzaile sutsua izan zen, inoiz ere ahaztu gabe euskalkiek batuari eman ziezaioketen aberastasuna eta zuzentasuna. Euskararen aldeko lan horretan hizkuntzaren zuzentasuna, jatortasuna eta aberastasuna bilatzeko ahaleginak zituen, nekaezin. Literaturan aurkitu zuen bide ezin egokiagoa Garatek euskara ona eta jatorra gizarteratzeko. Garateren lehenengo idazkiak Eusko Gogoa aldizkarian ditugu, 1959 aldean. Ondoren, Jesus’en biotzaren Deya, eta Zeruko Argia aldizkarietan ere kolaboratu zuen. 70eko hamarkadaz gero, Garate lan zabalaren egilea dugu. Garateren lanen artean marxismoari buruzko saioak, ipuin-bildumak, polizia-eleberriak, eleberri sozialak, kronikak, literatura eta euskara ikerketak ditugu.

Garateren lehenengo argitalpenen artean, esan dugun bezala, marxismoaren gaineko saioak ditugu. Garatek Fribourgeko Unibertsitatean soziologia marxista ikasi zuen, ostean Deustuko Unibertsitatean irakasteko asmoz. Aipatu saioen artean nabarmen genitzake Marxen marxismoa (1971, Mensajero), Marx eta nazioa (1972, Mensajero), Marxen ondoko errebisionismoa, Rosa Luxemburg (1974, Mensajero), Maoren marxismoa: maoismoa (1977, Mensajero), Lenin eta nazioen autodeterminazioa (1980, Mensajero) eta Leninen marxismoa (1983, Mensajero). Horietan Marxen, Leninen eta Maoren pentsamendu marxista azaldu zuen Garatek, eta horretaz gain, pentsamendu horrek nazio askapenarekin dituen harremanak ikertu zituen, marxismoaren ideiek Euskal Herriko mugimendu abertzaletan zuten eragina agerian uzteko asmoz. Saiook idatzi ondoren, literatura arloko bere lan nagusiei ekin zien Garatek. Hasieran ipuinak eta eleberriak tartekatu zituen; ipuin-bildumei dagokienez, hau da, Lehortean (1979, Gero), Muskilak (1989, Mensajero), Nafarroako Ezkurran (1981, Gero) eta Aldarte oneko ipuinak (1982, Gero) argitalpenei dagokienez, esan beharra dugu Lehortean bilduman, adibidez, Garatek ahalegin handia egiten duela prosa narratiboago baten alde, 70eko hamarkadan nagusi ziren esperimentalismotik eta alegoriatik urrundu nahian, baina erabat asmatu gabe, zeren liburuak modernitatetik gutxi duen klasizismo halako batera jotzen baitu formari eta gaiari dagokionean. Horregatik, beharbada, gainontzeko bildumetan han hemengo pasadizoetan eta gorabeheretan oinarritutako narrazio singleak agertu zituen.

Edonola ere, Garateren literaturaz zer edo zer gogora ekarri behar bada, berau da: polizia-eleberri arloan egindako ahalegina. Loidi eta Xabier Gereño idazleek zabaldutako bideari jarraituz, Garatek denbora laburrean polizia-eleberri sail bat ondu zuen. Ahalegin horri esker, Garatek genero hori euskal literaturan finkatzen lagundu zuen. Sail horretako eleberriak Elizondoko eskutitzak (1977, Mensajero), Esku leuna (1977, GAK), Goizuetako ezkongabeak (1979, Zugaza), Izurri berria (1984, Elkar) eta Alaba (1984, Elkar) ditugu. Eleberri horiekin, sari ugari irabazteaz gain –Irun Hiria Saria 1978an Esku leuna eleberriarekin, Txomin Agirre Saria 1977an Elizondoko eskutitzak eleberriarekin eta Azkue Saria 1981ean Izurri berria eleberriarekin–, ehunka irakurle hurbilarazi zituen eleberriotara urte horietan guztietan. Garateren lan horiek etengabe berrargitaratzen dira, euren arrakastaren seinale. Guztietan nabarmentzen dira generoarekiko fideltasuna eta hizkuntzaren erabilera zuzena eta jatorra. Gotzon Garatek eleberri horietan literatura eta hizkuntzarekiko helburu pedagogiko handia erakusten du. Izan ere, alde batetik, Garatek beti goraipatu zuen genero poliziakoa, munduan irakurle gehien daukan generoa dela aitortuz. Garate, generoaren jarraitzailea ez ezik, haren ikertzailea ere izan zen geroago, Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria (2000, Elkar) ikerketan erakutsi zuen bezalatsu. Bestetik, Garate polizia-eleberri asko irakurria zen gaztetan, on zitzaizkion hizkuntzak ikasteko, praktikatzeko. Horregatik, bi ideia horiek aintzat hartuta, irakurle eta istorio faltan zen euskal literaturara ekarri nahi izan zuen generoa. Garatek, besteak beste, Raymond Chandler-en eta Samuel Hammett-en polizia-eleberrien miresle izan zen. Bateko, Chandleren idazkera ona goresten zuen; besteko, Hammettek eleberrietan erabiltzen zituen egiturak miresten zituen. Bada, Garatek, bere eleberrietarako, Jon Bidart euskaldun detektibearen pertsonaia asmatu zuen; hala ere, ez zen hori Garateren eleberrietako detektibe bakarra. Garateren eleberrietan, egileak krimenaren, prostituzioaren eta drogen mundu ilunean murgiltzen gaitu. Arrakastak arrakasta, hala ere, bi ahulgune ikusi izan dira Garateren eleberri horietan, baita bestelako lanetan ere, esango genuke: bat, narrazioaren zenbait girotara euskara ekartzeko halako aurreiritzi bat azaltzea; bi, zenbaitetan egilearen moral katolikotik iritzi, jarrera eta gertaerei ikuspegi moral handiegia ematea. Bestalde, polizia-eleberriez gain, Garate bestelako zenbait eleberri moldetan ere saiatu zen; horra Hades-en erresumarantz (1983, Elkar), eta Zilarrezko gazteluaren kronika urratua (1992, Gero) eleberriak, eleberri sozialak izan daitezkeenak. Eleberriokin ez zuen eskuratu polizia-eleberriekin besteko arrakastarik.

Ez zuten harrera handiagorik bildu Garateren azken lan literarioen artean dauden kronikek. Kronika horietan, New York, New York (1988, Elkar), India harrigarria (2001, Elkar), Zakurra, zeure laguna (2002, Elkar) eta New Yorkeko kronika beltza eta beste kontu periferiko batzuk (Elkar, 2004), Garatek bere esperientzien eta sentipenen berri eman zuen. Esperientzia horiek New York, India eta Euskal Herriko baserrietan egindako egonaldietan bildu zituen. Ez dira, beraz, bidaia-liburuak, Garatek liburu horietan hibrido bat egin zuen kazetaritzaren eta literaturaren artean, eta aipatutako liburuetan guztietan irakurleari esperientzia jakingarri bezain interesgarriak eskaintzen badizkio ere, egilearen iritzi moralak juzgatzen ditu sarritan testuetan ageri diren jarrerak edota gertaerak.

Garateren bestelako lanen arten, aipatzekoak dira literaturaren ikerketan egindako lanak. Hiru ataletan eman zuen hastapenetik XX. mendeko 70eko hamarkadara arte euskal eleberriaren historia aztertzen duen saioa, Euskal eleberrien kondaira (2001, Mensajero) alegia. Saio horiek Deustuko eta Fordham-eko unibertsitateetan egindako lanen fruitua ditugu. Era berean, “Lauaxetaren” figura aztertu zuen Lauaxeta menderik mende (2005, Mendebalde Kultur Alkartea) argitalpenean. Bestalde, hizkuntza lanei bagagozkie, gogora ekarri behar dugu 1968an hasita Euskal Herriko geografian zehar batutako atsotitz bilduma ikaragarria, zeina bi liburutan argitaratu zen: Euskal atsotitzak (1995 Gero) eta Atsotitzak (2004, BBK). Azkenik, hizkuntzaren zuzentasuna eta jatortasuna jorratzen zuen lanaren lekukoa dugu Erdarakadak (1988, Gero) argitalpena.

BIBLIOGRAFIA

AUZOKOA, I. (2004): “New Yorkeko kronika beltza eta beste kontu periferiko batzuk”. Igela. 2004-10.

JIMENEZ, E. (1993): ” Zilarrezko Gazteluaren kronika urratua”. Euskaldunon Egunkaria. 1993-04-18.

JUARISTI, F. (2003): “Zakurra, zeure laguna”. El Diario Vasco. 2003-02-02.

KORTAZAR, Jon (2000): Euskal Literatura XX. mendea. Pramés. Zaragoza.

IBAN, A.: “India harrigarria” (2001). Euskaldunon Egunkaria. 2001-10-20.

OLAZIREGI, Mª Jose (2002): Euskal Eleberriaren historia. Labayru Ikastegia. Bilbo.

RABELLI, Alvaro (2008): “Izurri berria”. Euskal Literaturaren hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

ROJO, J. (2001): “Lehortean”. El Correo. 2001-11-14

SARASOLA, B. (2009): “New York, New York”. Berria. 2009-05-31.

X. E.: “Hades-en erresumarantz. Argia. 1984-02-19.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus