Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ETXEBERRI, PIARRES

(XVII. mendea)
Alvaro Rabelli

Ez dugu datu ziurrik Piarres Etxeberri, “Dorre” izengoitiz, noiz eta non jaio zen jakiteko; are gutxiago bere heriotza-dataz. Dena dela, bada Donibane Lohitzunekoa izan zitekeela dioenik. Edonola ere, begi-bistakoa da itsas mundua ondotxo ezagutzen zuen pertsona zela. Jatorria gorabehera, 1677. urtean Itsasoko nabegazionekoa (Ixasoco nabegazionecoa) deritzon itzulpen lana paratu eta Baionan argitara eman zuela jakin, badakigu. Liburu hori garai hartako zientzia inguruko gai profanoak euskaraz jorratzen dituen adibide bakanetakoa da. Etxeberrik beste euskaldun batek idatzi zuen frantses liburuaren itzulpena egin zuen, Lapurdiko kostaldeko itsasgizon eta pilotuei propio zuzendua. Izan ere, jatorrizko lana Les voyages aventureux du capitain Martin de Hoyarsabal, habitant de Çubiburu dugu, frantsesez egina eta 1578an Bordelen argitaratua. Obra horrek, gutxienez, beste argitalpen bat izan zuen 1632an, Rouenen, eta, antza denez, berori baliatu zuen Etxeberrik euskarazko bertsioa egiteko; emendatua zen gainera, itzultzaileak berak aitortzen digun bezala. Etxeberriren liburuaren ale bakarra Pariseko Liburutegi Nazionalean dago gaur egun, nahiko egoera tamalgarrian. 1985an, Txertoa argitaletxeak edizio faksimilea argitaratu zuen Etxeberriren testuaren zenbait pasarte berreraikita. Liburuak, atalka antolatuta, garaiko nabigazio teknikak jasotzen ditu. Berez, aholku- eta ohar-bilduma dugu. Porturik portuko distantziak ematen ditu eta horretarako kostaldeko ito geografikoak hartzen ditu erreferentzia. Portuetako bokalik onenak erakusten ditu kaiaratzeko eta, bide batez, leku arriskutsuez ohartarazten du. Liburuak hareatzak edo arrokak non dauden, eta urtaro bakoitzean haize nagusiak zeintzuk diren eta berauetatik nola babestu azaltzen du.

BIBLIOGRAFIA

BIDADOR, Joxemiel (1995): “Donibane Lohitzuneko Pierres Etxeberri Dorrek euskaratu Nabigazioneko liburua“. Euskaldunon Egunkaria. 1995-3-10.

ONAINDIA, Santi (1972): Euskal literatura I. Etor. Donostia

RABELLI, Alvaro (2003): “Liburu hau da itsasoko nabegazionekoa (1677) “. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus