Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BARRUTIA, PEDRO IGNACIO

(Aramaio, 1682-Arrasate, 1759)
Jon Kortazar

Pedro Ignacio Barrutia Aramaioko Zalgo auzoan jaio zen 1682ko uztailaren 3an. Aita, Pedro Barrutia Salinas, ez zegoen Cahatarina Basagoiti amarekin ezkondurik, baina horrek ez zuen aitaren familiaren onarpena oztopatu. Barrutia familiak ahalbide handiak zituen Arrasaten eta Pedro Ignacio Barrutiak ibilbide handia egin zuen legedien arloan. Bere aita “Santiago Ordeneko” partaidea zen eta “Vicario y Cura de la Parroquia de Sancti Spiritus de la ciudad de Salamanca” zela irakurtzen da haren testamentuan.

Pedro Ignacio Barrutia Arrasateko eskribaua izan zen, 1710ean egin zuelarik kargu hartzeko eskaria. Karguan egon zen heriotza urtera arte. 1673ko abenduaren 7an Maria Luisa Humendiarekin ezkondu zen. Urruneko lehengusu-lehengusina izaki, Aita Santuaren baimen berezia lortu behar izan zuten ezkontzeko. Zazpi seme-alaben guraso izan ziren.

Pedro Ignacio Barrutiak hainbat kargu izan zituen Arrasateko herrian: Aiton semeen sindiko, Udalaren administratzaile eta herriko Kontzepzioko lekaime etxeko ordezkari.

Arrasaten hil zen 1759ko urriaren 5ean eta “Honra Maior” delakoaz lurperatu zuten. Bere testamentua Oñatiko Artxibategian gorde zen (Velez de Mendizabal 1983: 229-236).

Aramaioarren lan ezagun bakarra Acto para la Nochebuena gabon giroko antzerti lana da. 1897an argitaratu zuen Resurrección María Azkuek (1864-1951) Euskalzale aldizkarian. Dirudienez, Juan Carlos Guerra historialariak aurkitu eta bidali zion Azkueri argitara zezan. Harek izenburua gehitu zion euskaraz: Gabonetako Ikuskizuna. Geroztik izen biekin ezagutu izan da obra, nahiz eta gaur egun gaztelerazko izen originala hobesten den.

Lanak ez zuen garaian harrera berezirik izan, baina urteek aurrera egin ahala, ospe handiagoa lortu zuen euskal letren bidean. Manu Ziarsolok (1902-1987) egokitzapena argitaratu zuen Eguberri aizeak izenburuarekin (1956). Alabaina, Gabriel Aresti (1933-1975) izan zen obraren balioaz oharturik, lehen mailara ekarri zuena (1959 eta 1960). Euskaltzaindiko Euskera aldizkarian ikerketa berezia argitaratu zuen lanaren balio herrikoia goraipatuz.

Izenburuarena ez zen izan Barrutiaren obrak jasandako aldaketa bakarra: 1965ean Gabriel Arestik lanaren kutsu herrikoia azpimarratuz, eta antzerkiko pertsonaien artean koplari-bertsolari bat agertzen zela profitatuz, hipotesi ausarta egin zuen: lana bertsolari horrena zela eta ez Barrutiarena, azkenak eskribau lana besterik egin ez zuela sinatu zuenean adierazi zuelarik. Gaur egun Barrutia jotzen da egile ziurtzat, Gabriel Arestiren hipotesia baztertuta.

Antzerkiaren gai nagusia Jesusen jaiotza gurtzea bada ere, baditu antzerti erromanikoaren ildotik, hainbat berezitasun, herrikoitasuna eta gai erlijiosoa biltzen baitira barnean.

Koldo Mitxelenaren ondoko esaldiak adierazten du garbi zein den obraren mami nagusia: “La acción es doble en parte, como los osn lso personajes. Pasado y presente, sagrado y profano, beleén y Mondragón se entrecruzan y combinan mediante un artificio tan hábil como sencillo” (1960: 106).

Lanak maila bi ditu: alde batetik, Jesusen jaiotza, aingeruak, garaiko artzainak eta Belengo espazioa. Alabaina, lanaren habea “Gracioso” batek betetzen du. Graciosoa alde batetik bestera igarotzen da, gai erlijiosoa, Arrasateko pertsonekin, bertako ekintzetan eta hango espazioan gertatzen diren elementu barregarriekin. Askotan, Arrasateko pertsonaien benetako izaerarekin jolasten du. Gauzak horrela, inoiz, Pirandelloren teknikarekin konparatu izan da Barrutiaren lana. Ez dago horrelakorik. Bere lana guztiz sartzen da, Joseba Andoni Lakarrak erakutsi zuenez, antzerti erlijioso erromanikoan: “Erdi Aro, Errenaisantza eta Barroko guztian zehar antzezten eta argitaratzen dira Europako Mendebal osoan teatrozko obra erlijioso anitz, anonimoak hein handi batean” (1983: 17).

Lan horien ezaugarriak hauek dira: gai erlijiosoak eta satirikoak, jakinduriaz jantziak eta herrikoiak, Bibliako pertsonaiak zein herrikoiak biltzen dira Jesusen jaiotzaren espazioan (Lakarra 1983: 17). Beraz, horixe da Barrutiak bere lanean egiten duena. Mendebalde osoan oso ezaguna zen antzerti mota horren baitan kokatzen da Acto para la Nochebuena.

BIBLIOGRAFIA

ARESTI, Gabriel (1965): “Itzaurre moduz” in Teatro zaarra. Auspoa. Tolosa. 9-14.

ARESTI, Gabriel (1959): “Pedro Ignacio de Barrutia, Mondragoeko eskribauaren Gabonetako ikuskizuna euskeraz eskribidutako lehengo teatruzko lana”. Euskera. IV. 273-291.

ARESTI, Gabriel (1960): “Primera aportación para el conocimiento de la vida y obra de Pedro Ignacio de Barrutia y Basagoiti (1682-1759)”. Euskera. V. 273-291.

KORTAZAR, Jon (1983): “Acto para la Nochebuena. Literatur Analisia”. in BARRUTIA, Pedro Ignacio: Gabonetako Ikuskizuna [Acto para la Nochebuena]. Arabako Foru Aldundia. 127-166.

LAKARRA, Joseba Andoni (1983): “Barrutiaren Acto para la Nochebuena eta teatro erlijioso erromanikoa” in BARRUTIA, Pedro Ignacio: Gabonetako Ikuskizuna [Acto para la Nochebuena]. Arabako Foru Aldundia. 13-68.

MITXELENA, Koldo (1960): Historia de la Literatura Vasca.

Minotauro. Madril.

VELEZ DE MENDIZABAL, Jose Mari (1983): “Pedro Ignacio Barrutia Basagoitia. Biografi zertzeladak” in BARRUTIA, Pedro Ignacio: Gabonetako Ikuskizuna [Acto para la Nochebuena]. Arabako Foru Aldundia. 229-236.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus