Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BARBIER, JEAN

(Donibane Garazi, 1875-1931)
Eneko Zuloaga

Jean Barbier Donibane Garazin jaio zen 1875eko uztailean. Aita Irisarrikoa zuen, eta ama Mendibekoa. Anaia bertsolaria zuen. Apaiztu aurreko ikasketa guztiak Ipar Euskal Herrian egin zituen Jean Barbierrek: Hazparnen, Larresoron eta Baionan, hurrenez hurren.

1898an apaiztu eta Frantziako Tolosako Institutu Katolikora joan zen Teologia-doktoretza egitera. Hangoak bi urteren buruan amaituta, Larresorora deitu zuten, irakasle-lanak egin zitzan. Hango irakasle zelarik Jean Hiriart-Urruti euskal kazetaria ezagutu zuen, bai eta euskara landu ere. Gratien Adéma “Zaldubi” Baionako katedraleko kalonje zela katedral horretako bikario izendatu zuten Barbier, eta bertan egon zen 1913ra arte: Senpereko parrokiara bidali zuten orduan donibanegaraztarra, eta han egin zituen hil arteko urteak.

Biziki gustuko omen zituen elizako lanak eta mezak, eta hainbat urtez erlijio-eginbeharrei loturik bizi izan zen gau eta egun. Gogoangarria da hainbat ikertzailek Barbierri buruzko lanetan, bere meza-moldeak zirela eta, errepikatu izan duten jazoera:

1929an Baionan Gorputz sainduaren bestak ospatu ziren. Bertan, Charost kardinala, eguzkitan eserita zegoen jendetzari ari zitzaion hizketan. Barbier bere Senpereko parrokiako lagun talde batekin ari zen entzuten. Kardinala hizketan luze ari zen eta Barbier apezari ezinegona sartu zitzaion: “Ez duzue luze kausitzen?” galdetu zion bere parropiant bati. “Bah”, erantzun zion honek “gu senpertarrak, usatuak gare!” bota zion besteak. (Sánchez, 1992: 8).

Kantatzea gustuko zuela eta, elizara hurbiltzen zen jendearentzat hainbat kanta sortu zuen (Lafittek 81 zenbatu zituen), eta 1910ean horietarik hamabi onenak hautatu (“Amaxo”, “Irrintzina”, “Garazin gaindi”, etab.) eta Nire kantuak lana argitaratu zuen. Barbierren kantak erlijioari loturik daude, eta bertsoak ez zituen gehiegi zaintzen. Ordurako hilik zegoen Zaldubiren lana har zezakeen eredutzat, are gehiago Zaldubik berak konposizio haietan zer hobetu bazegoela esan ziola gogoan hartuta, baina ez dirudi gaiak Barbier arduratzen zuenik; izan ere, kantatzeko taxutzen zituen testu haiek, ez irakurtzeko.

Elizako lanak zirela eta urteak egin zituen libururik argitaratu gabe. 1920an, baina, Ama Birjina Lurden lana kaleratu zuen, Provost apaizaren lan baten itzulpena. Handik urtebetera, bestalde, argitalpen garrantzitsua jarri zuen abian: Gure Herria aldizkaria. C. Dufrau-rekin batera herritar xumeei bildutako kanta zaharrak argitaratzeari ekin zion orduan. Eskualduna eta RIEVeko kolaboratzaile ere izan zen, eta herri-literaturako materialak argitaratzeaz arduratu zen batik bat (Hiriart-Makola ondare-biltzailea lagun egindako lana ere ez zen txikia izan). Ganich, Nehor, Orduan Gazte eta Haurmaite bezalako ezizenekin sinatzen zituen bere lanak.

Barbierren lehendabiziko literatur lanak euskal jaietako literatur lehiaketei esker egin ziren ezagun: sarri aurkeztu zituen (Hendaia, Urruña, Buenos Aires…), eta Saran (1897an) eta Senperen (1898) garaile izan zen.

Argitaratutako liburuez denaz bezainbatean, Supazter chokoan kaleratu zuen Baionan 1924an. Orotara hogeita bost ipuin, olerki bat eta bost antzerki-lan (komedia) biltzen ditu liburuak, eta izenburuak berak nahiko argibide ematen du edukiaz: etxeko supazter goxoan entzun eta ikasitako kontuak daude oinarrian, lantzean behin Barbierrek ezagutzen zituen herri-ipuinei egokitzat zeuzkan aldaketak egiten bazizkien ere. Villasanteren hitzei jarraiki, liburuan jasotako kontuak “son vascos no sólo de lengua, sino de espíritu” (1961: 299).

Bost komediak aurretik Gure Herrian kaleratu ziren, eta ez daukate inongo konplexutasunik: Sorgiñak, Zubietako deabrua, Kauserak eta kruxpetak, Gauden eskualdun eta Xilintxa sorgina. Jendearengana hurbiltzeko eta jendea pozik edukitzearekin bat zenbait mezu igortzeko baliatu zituen: “Barbier antzerkilaria teatroaz bereziki baliatuko da, beste anitz bezala, ikuslegoari eragiteko. Hainbaten usantza gaizto eta arinak salatuko ditu batik bat: Sineskeriak eta “sinestzale errexak”, hitz-ontzi gaizki esaleak, etxetik urruntzen direnen ondikoak (hau askotan) edo lapurretara emandako sehiak” (Valencia, 1987: 26). Azken finean, parrokian antzezteko lan xumeak ziren.

Jean Barbierren obra gorena, ordea, 1926 eta 1929an argitaratu zen, bi liburukitan, Baionan: Piarres dauka izenburua. Lehenengo liburukian Oihanalde etxeko Piarres da protagonista eta lanaren ardatz. Bigarrenean, ordea, “El idílico mundo del primer volumen contrasta con la carnicería de los miles de muertos de Marne, Verdún y Sonme” (Aldekoa, 2004: 123); izan ere, Lehenengo Mundu Gerra da abiapuntua, eta, bertan, “Encontramos ene l relato de las acciones guerreras de Piarres la definitiva perfilación del clásico euskaldun fededun con el sentido grito Biba Frantzia maitea” (Bidador, Diario de Noticias, 2001). Hots, ez dugu eszenario horrek Piarresengan ezer aldatzen duenik pentsatu behar: ohiturazko eleberrigintzaren ildoko lana da, eta hertsiki eusten zaie nobela-eredu horrek gurean izan zituen ezaugarriei: landa-giroa, etxea babesleku fisiko eta espiritual legez, erlijioari jarraiki antolatutako jaiegunak, meza nagusia, eliza, berez fededuna den euskaldun ona, kanpotar txarra, gerrara joandako euskalduna, eta abar. Teknikari dagokionez ere Txomin Agirrek ezarritako bideak jarraitu zituen Barbierrek: narratzaile orojakilea, denbora lineala, asmo didaktikoa, eta abar. Eleberria Eskualdunan agertu zen lehenengo, eta liburu gisa egindako edizioan argazkiak tartekatzen dira eta J. Moulier “Oxobi”-ren hitzaurrea ageri da.

Hain da folklorikoa eleberria non, literatur lana baino, XX. mende hasierako euskal ohiturei buruzko monografia baitirudi (Villasante, op.cit.: 299).

Piarres II liburukia argitaratu zen urte berean kaleratu zen Ixtorio-mixterio, eta handik bi urtera ikusi zuen argia Légendes du Pays Basque d´aprés la tradition lanak (Paris, 1931). Folklore-, etnografia- eta etnologia-materialak bildu zituen donibanegaraztarrak lan horietan, bere sen biltzaileari jarraiki. Euskaraz eta frantsesez eman zituen, baina, aurretik ere esan bezala, bildutakoa transkribatzetik harago joan zen: Azkueren antzera, bildutakoak hobe zitezkeela uste zuenean, hala egiten zuen, zenbaitetan garbizale agertuz.

1931ko urriaren 31n hil zen Jean Barbier, usu pairatzen zituen buruko minei aurre egiteko botika neurriz kanpo erabiltzearren.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca.Erein. Donostia.

BIDADOR, Joxemiel: “Otro garaztar ilustre: Jean Barbier”. Diario de Noticias. 2001-11-04.

ETXEBARRIA, Igone (arg.) (1989): “Idazleen barri emoten”. Jean Barbier. Ixtorio-Mixterio / Bernardo Garro “Otxolua”. Ipuin-Mipuinak. Labayru Ikastegia. Bilbao.

LOIDI, Ane (arg.) (1996): “Hitzaurrea”. Piarres II. Gero-Mensajero: Bilbao.

SÃNCHEZ, Ramón (arg.) (1992): “Hitzaurrea”. Piarres I. Ibaizabal: Bilbao.

VALENCIA, Eduardo (arg.) (1987): “Jean Barbier”. Supazter Xokoan. Euskal Editoreen Elkartea. Donostia.

VILLASANTE, Luis (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. Oñati.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus