Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARREGI, RIKARDO

(Andoain, 1942-Mendaro, 1969)
Eneko Zuloaga

Rikardo Arregi 1942ko irailaren 22an jaio zen Andoainen. Herriko Sasierrota izeneko eskolan egin zituen lehenengo ikasketak, eta 1951n La Salle-ra joan zen. Bertan bi urte egin ostean, hamaika urte zituela, seminarista bihurtu zen; Saturraran (Ondarroa) eta Donostiako apaizgaitegietan ibili zen harik eta, bide hori utzita, Bilbora Ekonomia Zientziak ikasten joan zen arte. 1964an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1966tik 1968ra soldadutza egiten joan behar izan zuen Ferrolera eta Cadizera. Patxi Baztarrikaren arabera, (1998: 4) orduan egin zituen barne-gogoeta sakonenak eta orduan finkatu zuen, halaber, bere pentsamendu nagusia. Lur argitaletxeko sortzaileetako bat izan zen, eta euskal idazleek elkartea behar zutela baten baino gehiagotan adierazi zuen.

Politikari, kazetaritzari eta euskarari lotutako bizimodua izan zen Arregirena. Lehenengoaz denaz bezainbatean, 1962an hasi zen, EGIko kide legez, batzar klandestinoetan parte hartzen nahiz Francozaleen aurkako propaganda politikoa idazten eta banatzen. Hain zuzen, EGIko kide izateagatik lau hilabete igaro behar izan zituen Martuteneko espetxean.

Kazetaritzan gazterik hasi zen. 1963tik aurrera Zeruko argia, Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan lanak argitaratzen hasi eta horretan aritu zen hil artean. Nolabait esatearren, euskarazko kazetaritzaren berpizkundeko ardatz izan zen andoaindarra; gai orokorrez, mundu-mailakoez, idazten zuen, baina jorraturiko gaiak (ekonomia, marxismoa, hizkuntzak eta abar) Euskal Herriko errealitateari lotuta zeudela edo egon zitezkeela ikustea ez da zaila. 1965ean Lauaxeta Saria eman zioten, urteko artikulugile onena izatearren.

Orotara hirurehun artikulutik gora argitaratu zituen, Zeruko Argia astekariko “Erriak eta Gizonak” eta “Nazio arteko unea” sailetan, gehien bat. Horiekin batera, saiakera-sorta bat ere idatzi zuen, hala nola, “Balmes eta Kant, jakinduriaren hasieran” (1961), “Politika estrukturak Europear alkartasunean” (1965), “Sozialismoa modan dago” (1967), “Ezkertiar berriak” (1967), “Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu” (1967) eta “Eguzkialdeko haize horiek” (1969). Jakinen kaleratu ziren horiek guztiak.

Hil ostean “Kalekumeon ordua eta jentilismoaren tentazioa” (1971) eta “Euskaldunen galgintza” (1971) argitaratu ziren. Argitaratzeke geratu ziren “Balioaren eta plusbalioaren teoria” eta “Marxismoari sarrera” lanak, eta andoandairraren artikulu-bilduma txiki bat Joan Mari Torrealdairen Herriaren lekuko (Jakin, 1972) obraren baitan kaleratu zen.

Rikardo Arregiren estiloa zuzena eta erabat zehatza da, hitz gutxitan adierazi zuen adierazi beharrekoa, adjektiborik gabe ia, eta tentsioa bilatuz.

Euskaraz andoaindarraren liburu bakarra argitaratu zen, egilea hil eta hilabete batzuetara: Politikaren afarian (Lur, 1969). Rikardoren Joseba anaiak atondu zuen argitalpena. Handik urtebetera, 1970ean, gaztelaniazko Aspectos de la vida e historia de Andoain argitaratu zuen Donostiako Aurrezki Kutxak.

Felix Sutton-en Afrika lana euskaratu zuen Arregik, bestalde. Aipatzekoa da, euskalgintzan eginiko lanaren karietara, nabarmenak dira 1965etik aurrera euskaldunak alfabetatzearen alde Arregik eginiko etengabeko eskaerak eta lanak. Euskaltzaindiak alfabetatze-kanpaina egitea lehenengoz onartu zuenean (1966/01/28), Arregi bera izendatu zuten batzorde-kide, Juan San Martin, Patxi Altuna, Mikel Lasa eta Iñaki Beobiderekin batera.

1969ko uztailaren 10ean, Ramon Saizarbitoriarekin Bilbora zihoala, auto-istripuz hil zen Mendaro aldean.

BIBLIOGRAFIA

ARREGI, Begoña eta beste batzuk (1996): Rikardo Arregi. Gizona eta garaia. Manuel Larramendi Kultur Bazkuna. Andoain.

BAZTARRIKA, Patxi (1998): Bidegileak. Rikardo Arregi. Eusko Jaurlaritza. Bilbo.

Literaturaren Zubitegia: “Arregi, Rikardo” http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00349.htm. [2011-01-04].

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus