Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARREGI DIAZ DE HEREDIA, RIKARDO

(Gasteiz, 1958)
Manu Lopez Gaseni

Rikardo Arregi Diaz de Heredia Gasteizen sortu zen 1958ko urriaren 4an. Salamancan Psikologia eta Magisterio ikasi zituen, eta Euskal Filologiako ikasketak egin zituen Gasteizen. Ogibidez irakaslea, alorreko irakaskuntza publikoko hainbat lanpostutan lan egin du, eta baita sindikalgintzan ere.

Bi poema liburu argitaratu ditu orain arte, Hari hauskorrak (Erein, 1993) eta Kartografia (Alberdania, 1998), eta biek jaso zuten Espainiako Kritikaren Saria. Kartografia obrak gaztelaniazko bertsioa du: Cartografía (Bassarai, 2000), Gerardo Markuletak itzulia. Gainera, Arregiren poemen antologia bat Koldo Izagirrek zuzendutako “XX. mendeko poesia kaierak” bilduman aurki daiteke: Rikardo Arregi Diaz de Heredia (Susa, 2000) eta 1999an Esperoan izeneko poema bilduma txikia argitaratu zuen Taiala aldizkarian (4. zenbakia, 1999ko maiatza). 2005ean Erein argitaletxeko Poetikak & Poemak liburuan parte hartu zuen, beste poeta batzuekin batera, poesiari buruzko testu teoriko batekin eta ordua arte argitaratu gabeko poema batzuekin.

Arregi Diaz de Herediaren poemak gaztelaniaz, galegoz, portugesez, eslovenieraz, ingelesez eta alemanez argitaratutako euskal poesiaren antologietan; gaztelaniaz argitaratutako berrienak dira Montañas en la niebla-Poesía vasca de los años 90, DVD argitaletxean eta Orfeo XXI-Poesía española contemporánea y tradición clásica, Llibros del Pexe argitaletxean.Ingelesez, berriz, Six Basque Poets, Arc Publications delakoan, 2007an. Hainbat poema solte ere argitaratu dizkiote aldizkari espainiar, italiar, galestar, letoniar, aleman, austriar, paraguaitar, portuges, belgikar eta holandarretan, baita online aldizkari europarretan ere, Transcript kasurako.

Letra-lagun batzuekin lankidetzan “Volgako Batelariak” izeneko literatura bloga sortu zuen 2005ean, eta geroztik artikulu batzuk argitaratu ditu bertan. Gainera, iritzi artikulu ugari idatzi ditu hainbat hedabidetan, batez ere Euskaldunon Egunkarian, Hegatsen, El Periódico de Álava-n eta Mugalari gehigarrian.

Itzulpengintza ere landu du: Wyslawa Szymborska idazlearen lanen itzulpena egin du beste itzultzaile batzuekin lankidetzan, portuges poetak (Sophia de Melo, Eugénio de Andrade, Jorge de Sena) eta beste poeta eta idazleak, hala nola, Dennis Cooper edo Roberto Arlt. Literature Across Frontiers erakundeak gonbidatuta, itzulpen lantegietan parte hartu du Eslovenian, honako poeta hauek itzultzen: Brane Mozetic (Eslovenia), Karlis Verdins (Letonia), Jacek Dehnel (Polonia) eta Cathal Ó Searcaigh (Irlanda). Ernestina de Champourcin-en poemen antologia bat ere euskaratu du: Poesia Antologia-Antología poética (Arabako Foru Aldundia, 2005).

Iritzi kritikoak

Jon Kortazarren iritziz, Arregiren poesiak bere barne egituraren sendotasunean, gaiaren hausnarkortasunean eta espresioan du oinarria, irudietan baino areago. Tonu poetikoari dagokionez, berriz: “mantsoa da berea, xumea, sinbolismoak ekarri duena, eta era berean, eguneroko bizitzatik gora egiten jakin dakiena”. Esperientziaren poesiaren kutsua izan arren, korronte horretatik urruntzen da klasizismoaren eraginez, begirada ironiko eta urruna lagun. Hain zuzen, Klasizismoa eta estetizismoa uztartzetik datorkio berritasuna Arregiren poesiari, aipatutako kritikariaren aburuz.

Iñaki Aldekoaren iritziz, berriz, 1990eko hamarkadako ahotsik originalenetarikoa da Arregiren Hari hauskorrak. Izan ere, zuzenean konektatzen du Kavafisen unibertso poetikoekin eta Ricardo Reis Pessoaren heteronimoaren tonu neoklasikoarekin. Klasikotasunarekiko gustua erakusten du: helenismoa, antzinaro klasikoa eta arabiar mundua. Antigoaleko iturri horietatik bizitzaren gozamen sentsuala eta amodioaren jolasa jasotzen ditu. Hiriz hiriko ibilbidean dabil, hiria delako mestizaje kulturalaren, amodioaren eta erotismoaren jatorririk behinena. Arregiren poesian, alde horretatik, oroimena paisajea da, baina baita erotismoa eta bizitza, desira eta askatasuna, Pessoa, Gil de Biedma edo Luis Antonio de Villenaren poesian bezalaxe.

Kartografia bigarren liburuari dagokionez, eta Aldekoaren iritziz beti ere, poema batzuetan aurreko liburuarekiko loturak erakusten ditu, baina “Carte-à-figures” ataleko poemetan, bildumako onenak kritikoaren aburuz, klasizismotiko urrutiramendu ironikoari ekiten dio poetak. Hortik aurrera, Grezia klasikoaren mundutik kanpo bada ere, poesia kultuari eutsiko dio, poema mamitsuago eta luzeagoen bitartez. Azken batean, Rikardo Arregi poeta kosmopolita izan arren, ezin izango dio Gasteiz haren jatorrizko hiriari uko egin, beste hiri batzuen mozorropean bada ere.

Kortazarren iritziz, berriz, aurreko liburua baino “itxiagoa, landuagoa, perfektuagoa, koherenteagoa” da Kartografia. Artea irudikatzeko kezka berri bat jaiotzen da mapa eta geografien bitartez; izan ere, “mapa, liburuaren irudikapenik behinena, irudikapenaren irudikapena da”. Kritikariaren esanetan, poemategi horretako “66 lerro hiri setiatuan” da 1990eko hamarkadako euskal poesiako poemarik gogoangarri eta hunkigarrienetariko bat.

Koldo Izagirreren arabera, azkenik, Rikardo Arregik ezagunaren eta deskubritzeko dagoenaren arteko oreka zail batean ematen ditu bere urratsak: “kultua erreferentziaz baina ez akdemiko, inguruaz arduratuagatik kosmopolita, ondare unibertsaleko mitoak eta pertsonaiak bertakotasun batera ekarrita”. Nonbait, Brecht-ek antzerkirako aldarrikatzen zuen urrutiramendua bilatzen du Arregik bere poemen geografia urrunen edo iraganeko kokapenen bitartez: hemengo eta oraingo historiaz gogoeta bultzatzea. Bigarren liburuaz, berriz, ni pertsonalean sakondu du eta, ondorioz, lirismo eta dramatikotasun handiagoko poemak erdiesteko.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2000): “La poesía del siglo XX”, Urquizu, Patricio (zuz.), Historia de la literatura vasca. UNED. Madrid.

ALDEKOA, Iñaki (2004), Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

ARREGI DIAZ DE HEREDIA, Rikardo (1993), Hari hauskorrak. Erein. Donostia.

ARREGI DIAZ DE HEREDIA, Rikardo (1998), Kartografia. Alberdania. Irun.

ARREGI DIAZ DE HEREDIA, Rikardo (2000), Cartografía. Bassarai. Vitoria-Gasteiz.

ARREGI DIAZ DE HEREDIA, Rikardo (2000), Rikardo Arregi Diaz de Heredia. XX. mendeko poesia kaierak. Susa. Zarautz. Antologia eta sarrera: Koldo Izagirre.

Auñamendi Eusko Entziklopedia, on line: http://www.euskomedia.org/aunamendi/18637

KORTAZAR, Jon (2000), Euskal literatura XX. mendean. Zaragoza: Prames.

Kortazar, Jon (ed., 2006), Montañas en la niebla. Poesía vasca de los años 90. DVD. Bartzelona.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus