Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

PIARRES (1926-1929)

Jean Barbier
Ur Apalategi

Bi tomotan eta hiru urtez bereizita argitaratutako Piarres eleberriarekin, Jean Barbier Senpereko erretoreak Txomin Agirreren eleberrien unibertso literario eta planteamendu ideologiko orokorrak ipar Euskal Herrian –Senperen– kokatu zituen. Ordura arte ipuingintzan —Supazter xokoan (1924)– eta bertsogintzan trebatua, idazkera atsegin bezain irakurterraza ohiturazko eleberriaren eskeman bete-betean sartzen den istorio baten zerbitzuan jarri zuen.

Piarres 24 urteko Oihanaldea etxaldeko premua da, giristino garbia eta etxeari lotua, dagokion bezala, eta baserriaren arduraz gain kontrabandoan ere ibili ohi dena –mugatik hurbil bizi den beste edozein euskaldun bezala. Bestalde, Piarres “xuria” da eta “gorriak” egurtzen badakiela erakusten digu Barbierek merkatuan kokaturiko pasarte batean. Lizartza auzo baserriko Goaña alabarekin maitemintzen da, baina Munduko Lehen Gudate hasi berriak frentera eramango du. Mugaz bestaldeko beratar batek gerratik ihes egiteko Nafarroara pasatzea proposatzen dio, baina Piarresek ez du halako desohorerik onartuko. Frantziaren alde borroka egiteko asmoz abiatuko da. Joan aurretik, halere, Goañak Lourdesetik ekarritako zilarrezko lepoko bat ematen dio, babesteko eta oroitzeko. Obraren lehen tomo honetan ekintza etengabeko paisaia, urtaro, ohitura eta bizimoldeen nahiz zeremonia erlijioso arrunten deskribapen etnografikoek oztopatzen badute, eleberriaren bigarren tomoan, berriz, gerra da hizpide nagusia, eta Barbierek euskal soldaduen heroismoa goraipatzen du. Jakina, gerra aurretik hasitako idilioa Piarresen eta Goañaren arteko ezkontzarekin amaitukoa da.

Orixek zioenez, “gogoan josteta, eta bihotzen altxagarria izateko lanak idatzi zituen beti”. Hori bera suma daiteke obra hau irakurtzerakoan. Sentimentalismoz bustitako eleberri xume honen helburua (Jean-Baptiste Orpustanek komentatzen duen moduan, interesgarria litzateke kontatzea zenbat aldiz agertzen den maite aditza liburuan zehar) karlismoaren oinarri ideologiko aurre-abertzaleetan bermatuz –Iparraldean abertzaletasun euskaldunak ez baitzuen oraindik sarrerarik garai hartan– gazteriari herriarekiko eta bizimodu tradizionalarekiko atxikimendua kutsatzea da. Kari horretara aurkezten duen gizarte euskaldun ideala guztiz immobilista dela esan daiteke, eta kanpoaldetik datorren edozeri itxia. 

Agirreren diptiko ohiturazalean gertatzen zenez, kanpotiarraren figura txarra baino ezin da izan. Hemen, Oxobi hitzaurrearen egileak dioenez, Ipar Euskal Herriko lur eta baserriak erostearekin batera bertako jendeen “gogoak eta bihotzak ebasten” dituzten “arrotz madarikatuak” aipatzen dira lehen tomoaren bosgarren atalean. Jakina, Piarresek ez du etxaldea salduko.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus