Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

HNUY ILLA NYHA MAJAH YAHOO. POEMAK 1985-1995 (1995)

Joseba Sarrionandia
Jon Kortazar

Poesia sailean Joseba Sarrionandiak (1958) agertu duen bildumarik borobilena da, hamar urteko lana biltzen duena. Izuen gordelekuetan barrena (1981) izan zen bere lehen poema liburua, eta hain justu ere, bildumatik kanpo geratu dena, ziurrenik bertoko zenbait poema oraindik heldugabe ikusten zituelako egileak, ikasketa prozesuan jarraitzekoak baina oraindik ondu gabeak. Marinel zaharrak (1987) argitaratu zuen ondoren, eta Gartzelako poemak (1992) hain zuzen ere Espainiako loraldia gertatzen denean, oroigarri gisa. Eta ondoren etorriko da Hnuy Illa Nyha Majah Yahoo. Poemak 1985-1995 (1995) hau, aurretikoen zenbait pasarte eta sail biltzen dituena, baina material berria aurkezten duena. 

Izena, zenbait ikerlarik adierazi dutenez (Aitzpea Azkorbebeitia) Jonhatan Swiftt idazlearen Gulliverren bidaiak liburutik dator. Bukaerako esaldia da nobelan eta: “Zaindu zure burua, gizontxo”, esan nahi du. Horrelakoetan ohikoa denez, zenbait klabe nagusi ematen zaizkigu izenburuan. Batetik subjektu poetikoaren berri ematen da, norberaren burua zaindu beharra dago, historiaren, sistemaren eta kapitalismoaren aurrean. Eta subjektu poetiko hori “gizontxo” bat da, bakartasuna adieraziko duena, ezintasuna, deserria; liburua, azken batean, deserriari buruzkoa baita, deserria maila sinboliko eta metafisiko batean, bakartasunaren mugaren sinbolo gisa emanik.

Ezintasun eta etsipen puntu horretatik hasten da ahots poetikoa bere esperientzia adierazten, bizi izandakoa kontatzen. Liburu aurkezpen gisa ematen den paratestuan adierazten da:

“Gai ugari ageri da poemaotan: maitasuna, borroka, bidaia, denbora, poesia… Azken batean bizitza bera”.

Joseba Sarrionandiak liburu honetan bildu eta sakondu bere poesiaren ardatz nagusi izan diren joerak. Batetik, ikuspegi errealista, bere bizitzaren esperientziarekin lotutakoa: kartzela eta deserria, batez ere, eta horren berri tonu pertsonal bezain barnekoia eman du.

Liburua zazpi ataletan banatua dago: “Tren luze eta bustiak”; “Gure arbasoak”; “Marinel korapiloak”; “Merkatu beltza; monogamo inperfektuak”; “Hutsik geratu ez ziren zeldak”; “Gure hilak”. Eta zapi horien artean badira hiru ipuin banatzaile eta batutzaile: T. S. Eliot gogora ekartzen duen “Denbora presentea eta denbora pasatua”, “Eta denbora futuroa” eta “Afrikak eta Europak” ipuin laburra.

Poesiaren gaia “errealitatea da” esanaz garbiro agertzen du Iurretako egileak bere poetika:

“Poetaren egiazko konpromezua idazlearena da. Konpromezu politikoa eta etikoa ez da aski, sendimenduak ere aski ez diren bezala, poesia ona egiteko […] poeta ez da bere ideiengatik edo bere portaeragatik, bere sentimenduagatik ere ez den bezala, baizik eta bere poemen baliogatik, bere idazkeragatik, bere hitzengatik.

Izan ere poesia hitzak dira batik bat. Hizkuntza da poesiaren materiala, hitzen artisaua da poeta, lengoiako esploradorea, idazmoldeen iraultzailea”.

Horrela definitu zuen bere poesia Joseba Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa liburuan, eta Hnuy… liburuan ere ildo beretik jarraitzen du, konpromisoa batez ere literarioa dela adieraziz. Autobiografia karga handia izango du liburuak, eta bizimodu latza izan duela agerrarazten da. 

Poesiaren izaeraz poema asko idatzi dira liburuan, baina esanguratsuenetako bat bat aipatze arren, hona hemen pasarte hau:

“Poesiak ez du deus aldatzen, ez inor

Fanatiko bihurtzen

Baina ekin dezagun harik eta gure aberri eta

Sasoiaren tankerako hitzak aurkitu arte,

Munduarekin, mendearekin, jendearekin

Nahasteko modukoak.

Poesia egitea ez gauza itzela, lengoaia

Ber egitearen joko hutsala,

Gogoeta harilkatzeko manera emendatzea,

Obra inperfektoa gehienik”.

Poetika errealista izanik, esperientzietan oinarriturikoa dela esan beharra dago, eta esperientzia hori oso latza dela adierazi behar genuke: beraz, gaiaren gogortasunaren eta hura adierazteko erabiltzen den urruntasunaren arteko kinkatik sortua da iritzi emaile gehienek adierazten duten Joseba Sarrionandiaren hizkeraren samurtasuna (Gerardo Markuletak hainbaten adierazi duenez). Joseba Sarrionandiaren poetikaren barnean beti izanen da oso garbi bi direla eta oso desberdinak hizkera politikoa eta hizkera literarioa, eta horrek bere eginbide propioz hunkitu eta pentsakor jarri behar duela irakurlea, eta ez politikak ekar lezakeen gain-interpretazioagatik. Agian horixe da “Literatura eta iraultza” (H, 28) poemaren giltza: hizkerak bi dira, eta bakoitzak bere esparrua du. 

Hizkera poetikoa sortzeko unean, ahots lirikoaren agerpena oso garrantzizkoa da. Marinel zahar gisa mozorroturik agertzen den ahots horren lehen ezaugarria harridura begirada da, meléaren erdian dago, zergatik jakin gabe, eta saiatzen da begirada harrituaz begiratzen gertatzen ari denari. Berez hortik sortzen da bakartasunaren tonu nagusia, ahaztu gabe, baina, erabatekoa izango dela beste joera nagusi bat: sufrikarioa, beldurra den bezala. Ikusitako munduen eta hura ikusterakoan sentitukoaren artean mugitzen da beti Joseba Sarrionandiaren lana. Anti-heroien begirada da berea, mundu hierarkikoan, kapitalismoak eraikitako munduan,  galdutakoek emandako begirada delarik nagusi. Gainera, badu etsipen puntu bat ere bai, samurtasunera hurbiltzen gaituena:

“derrotatik derrota elezaharretako marinelen

Gisa ibili

Eta biziminez hiltzeko gauza direnak. Bizitzak

Kondekoratu ez dituenak” (H, 161).

Detaile txikien poesia da liburuak aurkezten diguna, edozein elementu txiki gogoeta bihurtzen du idazleak, batez ere, pentsakizun birena: bizitzaren eta heriotzaren bakardadea eta mundua den exilioaren agerpena. Pathos sentimendua da Joseba Sarrionandiaren tonu nagusia, pathos nostalgiaz betea eta gogorra, Xabier Aldaik idatzi zuenez: “Emaile hutsa da Sarrionandia, oso autore pertsonala, bizitza eta literatura arteko mugak estutzen dituena, biak bat bihurtzeraino”.

Pathos samur hori nagusitzen bada ere, ez ditugu alde batera utzi behar Joseba Sarrionandiak abertzaletasun topikoarekin egiten duen ironiaren traza. Jose Luis Otamendik liburuan erabiltzen diren tonu ugarien berri eman zuen bere artikuluan: “Erregistro ugariz baliatuz (saudadea, lirikotasuna, erreferentzia metaliterarioak… ironia, paradoxa, didaktismoa inoiz…) […] ideario poetiko-politiko trinkoa zahar-berritzen du Joseba Sarrionandiak, mundu gero eta umoagoa ehuntzen du”. Dena dela, ahots lirikoak agertzen duen etsipenez hitz egiten dute iritzi emaile gehienek, Felix Ibargutxik “eszeptizismoaz” hitz egiten duelarik, “optimismo handirik ez duen sinbologia bat” landu duela aitortuz.

Bazterra litzateke Joseba Sarrionandiaren begiradaren tokia, kritikoa mendebaldeko kultura eta gizartearekin, baina kritikoa neurri berean utopiarekin, eta abertzaletasunaren topikoekin. Berea, Vladimir Holan poeta txekiarraren poesia bezala, “hic eta nunc”, orain eta hemengoaren poesia sortzea litzateke, batez ere sufrikarioaren poesia bat. Sufrimendua egoerak sortzen du (kartzelak, torturak) baina neurri berean gizakiari kontrolaezinak zaizkion indarrek ere. Bakartasunena eta exilioan bizi behar du gizakiak, eta etsipen puntu batek betetzen du, etorkizunak estalperik agertuko ez balu bezala.

BIBLIOGRAFIA

ALDAI, Xabier (1996): “Bizitza bera bezala bizitza bera”. Egunkaria. 1996ko martxoaren 2. 33 or.

IBARGUTXI, Felix (1987): “Urrutiko parajeetatik hemengo oinazera”. Diario Vasco-Zabalik. 1987ko abenduaren 18. II. or.

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta Lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. Labayru-BBK Fundazioa. Bilbo. 103-117 or.

———————- (2001): Oroimenaren eszenatokiak. Pott Bandaren poesia. Labayru-BBK Fundazioa. Bilbo. 121-134 or.

OTAMENDI, Jose Luis (1996): “Nora itzuli?”. Argia. 1566. 1996ko otsailaren 25ean. 45. or.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus