Leiho berri batean UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Euskara Institutua
Euskal Literaturaren Hiztegia — Idazlanak
« »

ARGIZARIAREN EGUNAK (1998)

Anjel Lertxundi
Axun Aierbe

Argizariaren egunak Anjel Lertxundik Alberdania argitaletxean 1998an plazaratutako Ifrentzuak saileko hirugarren lana da. 1994an Otto Pette eleberria argitara eman ondoren, Ifrentzuak saila abiarazi zuen Alberdania argitaletxeak Lertxundiren lanez osaturik: Piztiaren izena ipuin-liburua 1995ean, eta hurrengo urtean, Azkenaz beste eleberria eta Letrak kalekantoitik glosa-liburua –saileko bigarrena eta laugarrena– iritsi ziren irakurlearen eskuetara. Argizariaren egunak eleberriak osatu zuen saila 1998an. Biziki argigarriak dira azal-hegalak dakartzan azalpenak: “Ifrentzuak sailak ahozko tradizioa eta Europako tradizio idatzia ditu aztergai, autorearen begietan. Tradizio horiek ifrentzuz jarri eta azpil berriak bilatzen saiatu da Lertxundi”. Hasieran Ifrentzuak sailerako heriotzari eta eromenari buruzko literatura-saioa egitekotan zen Lertxundi (AGIRRE 1998; EIZIE 1999); baina, bilketa-lana egina zuelarik, idazteari ekin zionean, beste bide batera lerratu eta eleberri bihurtu zen emaitza: Argizariaren egunak.

1999an Euskadi Literatura Saria eskuratu zuen. 2001ean argitaratu zen Alfaguara argitaletxean, Los días de la cera izenburu duen gaztelaniazko itzulpena. Itzulpenak jatorrizkoak baino oihartzun handiagoa izan duela-eta, Lertxundik hitzaldi batean1 hauxe zioen: “Argizariaren egunak-ek eraiki zuen nobela bat, baina ez hizkera bat. Eta espainieraz, berriz, nobela hori ez zegoen, edo oso gutxi dago”.

Eleberri honek narrazio-forma berritzailea dakar, eta alde horretatik, gogorarazi nahi genuke azal-hegalean egiten zaigun oharra abiaburu ezinbestekoa dela irakurlea eleberrian kokatzeko: “Narrazio-forma berritzailea [...], kontakizun ugariren (askotariko ikuspegien) arteko ispilu joko distiratsua lortu du”. Xehetasun gehiago ere bada ispilu-jokoez azal-hegalean: “ispiluek ez dute, ordea, isla laurik eskaintzen, sakonera lerrarazten baitute irakurlearen soa, argizariaren malgutasunez txirikordaturik heriotza, amodioa eta erotasuna dantza hunkigarri batean”. Eleberri honetako gai nagusiak uztartzeko ezinbesteko lokarria dugu argizaria –galdera erretoriko bidez iradoki bezala Eros eta Tanatos herio-dantzan elkarturik ageri dira, Danelen gonbita jaso baitu narratzaileak herio-dantza bateko eskribau izateko.

Eleberria bi planotan antolaturik dago, egileak dioenez “paraleloan eta lehian doaz bi testuak [...] ez dago garbi zein den testu nagusia eta zein menpekoa” (2003). Lehenengoan, narratzaile autodiegetiko baten gure garaiotako kontakizuna dugu, hasieratik ikus daitekeen moduan: “Estudioan free-lance gisa lan egiten genuenon postontzia zabaldu nuen” (9. or.); eta hiru pertsonaia nagusi ditugu hirukia osatuz –Ada, Mitxel eta Danel–, eta hiruren inguruan harilkatzen dira amodioa, jelosia eta beste, Mitxelen maitale Ada Danelen amorante ohia baita, kontakizunean barneraturik jakingo dugunez. Kontakizun nagusian hiru gai (heriotza, amodioa eta erotasuna) harilkatzen dira. Nobelak dituen hogeita bost ataletan barna, lehen planoko kontakizunaren zati baten segidan, bigarren planoa dator Orixek euskaratutako Urte Guziko Meza-Bezperak baliatuz. Lehen planoko kontakizunaren azterketa metaliterarioa egiten du narratzaileak bigarren planoan hainbat hilabetetan zehar –abenduko lehen igandean hasi eta Erramu Egunean, udaberrian, amaitzen baita–Reis-en Dicionário de narratologia erabiliz. Narratzaileak badaki kontakizun nagusia besarkatzen duen Heriok bere atzaparretan harrapatuko duela bera ere, baina ez dabil heriotzaren kontra soilik (IBARGUTXI 1998), eromenaren zurrunbiloan (literatura-)zuhurtzia pitin bat atxiki nahirik baizik.

Bigarren planoan, narratzaile autodiegetiko horrek bi urte doi lehenago idatzitako kontakizuna, lehen planoan emana, berrikusten du eta azpinarrazioak osatzen ditu, kontakizun nagusian oinarriturik eta handik abiaturik (15. or.). Bi planoen artean bi urteko tartea dago: “bi urte doi pasatu dira kontakizun nagusia idatzi nuenetik” (13. or.) eta narratzaileak berak argitzen duenez, “epaile bati zuzendu behar nion kontakizun erru-aringarria” (14. or.) da lehen planoan dugun kontakizun nagusia. Dontsu Etxera iritsi aurretik idatzitakoa da (14. or.), baina narratzaileak ez du bere burua ezagutzen bi urte lehenago idatzi zuen kontakizunean, ez baitzaio berea iruditzen, arrotza gertatzen zaiola esaten baitigu (13. or.). Lertxundik berak adierazia da irakurlea zurrunbilo batean murgilarazi eta irakurleak kontakizun nagusia azpinarraziotzat hartzea nahi duela, iraganari buruzko kontakizuna eromenaren parte gerta dadin (ELUSTONDO 1998: 33). Bidenabar, idazketa-prozesuan bere buruarekin topo nola egiten duen aztertu nahi izan du Lertxundik eleberri honetan (MENDIZABAL 1998), eta irakurlea zurrunbilo batean murgilarazi nahiak eleberria taxutzeko ohiko antolamendutik urruntzera eraman du (BERASALUZE 1998). Nobela argitaratu eta handik urte batzuetara, amaierako atalak artearen neurosiaren ikuspegitik irakurtzeko gonbita egiten dio egileak irakurleari (ETXEBERRIA 2002: 173).

Bigarren planoan argituko digu narratzaileak kontakizun nagusian pertsonaiei ez zizkiela ipini izenak kasualitate hutsez. Azalpen aski luzeak ematen dizkigu narratzaile autodiegetiko honek hautuaz (61.-62. or.). Bestalde, Ada dugu lehen planoko kontakizun nagusian, eta bigarren planoan, behin eta berriro ageri zaigu ADA (Adierazpen Deskribatzaile Akritikoa), arazo(txo)ren bat dela bide, Dontsu Etxeko zuzendariarentzako oharra, hots, kontalariak Adarekiko duen obsesioa aditzera ematen diguna, bi planoen arteko lokarri edo ispilu-joko dena.

Narratzailea Dontsu Etxean dago, eta ez dakigu errudun ala errugabe den; baina, iradokitzen digu epaileak erruduntzat-edo duela, ez baitzuen aske utzi. Alabaina, dontsu baliatzeak errugabea dela ematen du aditzera. Eleberria aurkeztu zenean egileak esan zuen “ez dakigu[la] eroetxe, zigor etxe edo atseden etxe den” (IBAN 1998a: 29), eta elkarrizketa batean zehaztu zuen “”dontsu”k badu[ela] halako osagarri bat euskaraz, xalotasunarekin zerikusia duena” (IBAN 1998b: 34). Oso kontuan hartu da hori guztia eta tentu handiz emanda dago ordaina gaztelaniarako itzulpenean, Beatífica Casa eta beaterio erabili baitira Dontsu Etxe-ren ordaintzat.

Narratzailearen obsesioen beste erakusgarri bat da Reis-en Dicionário de narratologia baliatzeko modua. Etengabe hartzen du mintzagai, eta narratzaileak ohartuki adierazten du lehen planoan emaniko kontakizun nagusian nobela idatzi duela, fikzio-lana dela egin duena. Nahasmena eta eromena ditugu narratzailearen baitan, baina baita metamorfosia ere: “Narratzailearen itxuraldaketa erabatekoa gertatzen da Argizariaren egunak liburuan” (LERTXUNDI 2001: 98); batetik, lehen planotik bigarrenera; eta, bestetik, bigarren planoko bilakaera aintzat harturik. Metamorfosia loturik dago narrazio-forma berritzailearekin; eleberri honek eginiko ekarpen nagusietako bat izateaz gain –metaliteratura–, narrazio-forma berritzailea lot baitaiteke narratzailearen metamorfosiarekin, Kortazarrek esanikoaren bidetik: “bi plano hauen arteko jokoek estilo bikoitza agintzen dute: lehena, narratiboagoa eta bigarrena, gogoetatsuagoa eta hautsiagoa” (2000: 159). Badirudi lehen planoko narratzaile horrek kronikari edo erreportaje-egile rola betetzen duela eta bigarren planokoak, berriz, literatura-kritikariarena; lehen planoko kontakizunaren edukiaren nahiz estiloaren kritika egitea obsesio bihurtzen baitzaio narratzaileari bigarrenean. Ez dugu esango Lertxundiri bere lanen kritika egitea obsesio bihurtu zaionik, baina bada autokritikarik Mentura dugun artean saiakera-liburuan, nobelako narratzailearenetik oso bestelakoak izan arren, autokritika egiteko baliatzen diren bideak. Aitortua du bere obsesioen berri emateko baliatu zuela Carla eleberria (SALA 2003).

Metaliteraturaren ikuspegitik, ugariak dira idazleen nahiz bertsolari eta bertso-jartzaileen aipuak –Pavese, Iturrino, Dostoievski, Beñat Mardo eta beste hainbat–, narratzaileak askotan hartzen baititu bisitak Dontsu Etxean. Kortazarrek nabarmendu duenez, “joera metanarratibo horren zentzua indartua dago, pertsonaiak idazle nagusien “bisita” hartzen baitu, eta idazle horiekin batera idazkeraren izaerari buruzko hausnarketa egiten du” (2000: 159). Idazteari buruzko gogoeta egiteaz gain, kontakizunean zehar onartu eta txertatuta daude “bisitariek” eginiko oharrak eta emaniko aholkuak. Horiek horrela, Mentura dugun artean saiakeran (2001: 31-32) Lertxundik gogoeta egin du beste egile batzuk aipatzeaz, agertzeaz, pertsonaia bihurtzeaz…. Ifrentzuak sailaren asmoa zein zen jakinik, egitate bihurtu du hango eta hemengo, eta atzoko eta gaurko egileei lerro artean ez ezik lerro askotan barna eginiko omenaldia, ageri-agerian edo ezkutuxeagoan.

Barne-testuartekotasunak ugariak dira Lertxundiren azken hamar urteotako lanetan, batzuk ñabarragoak eta beste batzuk nabariagoak: Otto Pette-n ere ageri den herio-dantza aipatu du Olaziregik (2000: 569; 2002: 161). Gehiago ere aipa daitezke: Lertxundik dioenez, bada bere lanen artean paralelismo nabarmen bat, narratzailearen metamorfosia gertatzen baita hainbat lanetan –Otto Pette, Kapitain Frakasa, Carla eta Argizariaren egunak eleberrietan eta Piztiaren izena ipuin-liburuan–, eta egileak aitor du ez dela aldez aurretik mamiturikoa, eta ondoren ohartu zela horretaz, “galdera bakar bat erantzuteko ahalegin etengabea” dela bere lana (2001: 98). Bestalde, bada narratzailearen obsesio bat, Argizariaren Egunak eleberrian ez ezik Lertxundiren Konpainia noblean narrazio-liburuan ere ageri dena: narratzaileak erabiltzen dituen koadernoen berri ematen du zehatz-mehatz, marka, neurria eta kolorea aipatuz, narratzailea beste ezer baino lehen idazle dela nabarmendu nahirik-edo, eta idazleari koadernoak ezinbesteko zaizkiola iradokiz. Bada bi liburu hauen arteko beste paralelismorik ere: ahozko tradizioak bietan duen garrantzia, tradizioa berridaztea, narratzailea etxe batean bakarturik egotea (Konpainia noblean liburukoa zahar-etxe batean dago), aurretik idatziriko testuen kritika egitea eta beste.

Galdera horri erantzuteko, Lertxundik esana digu literatura ez dela errealitatearen ispilua baizik: “Ispilu-joko bat izaki, literaturak errealitatearen errepresentazioa bilatu nahi du” (2001: 17). Metamorfosiaz mintzo delarik, Lertxundik bere buruari egiten dion galderak eta ispilu-jokoaz esanikoak pentsarazten digute literatura dela errealitatearen ispilua eta metamorfosia, eta baita fikzioaren edo beste fikzio batzuena ere –Argizariaren egunak nobelan edo Konpainia noblean liburuan esaterako–, metamorfosiaren prozesuarekin uztarturik baititugu ikuspegien ugaritasuna eta ispilu-jokoak: ispilu edo ikuspegi bakoitzak irudi bat ematen du, hots, metamorfosiaren urrats bat.

BIBLIOGRAFIA

AGIRRE, Joxean (1998): “Anjel Lertxundi: “Heriotzaz jakinmina diat, beldurrik ez”". Egin. 1998-05-24. 54.

BERASALUZE, Garikoitz (1998): “Kresalaren talaiatik”. Euskaldunon Egunkaria. 1998-12-18. 37.

EIZIE (1999): “Anjel Lertxundi eta Jorge Gimenez Bech: idazlea eta bere itzultzailea”. Senez. 21. 113-131.

ELUSTONDO, Miel Anjel (1998): “Anjel Lertxundi: “Irakurlea zurrunbilo batean murgildu nahi nuen”. Argia. 1.679. 32-33.

ETXEBERRIA, Hasier (2002): Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan: Atxaga, Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria, Sarrionandia. Alberdania. Irun.

IBAN, Amagoia (1998a): “Argizariaren egunak urtu baino lehen argituak”. Euskaldunon Egunkaria. 1998-05-22. 29.

IBAN, Amagoia (1998b): “Anjel Lertxundi: “Gure kosmobisioa osatu beharra dugu”". Euskaldunon Egunkaria. 1998-05-27. 34.

IBARGUTXI, Felix (1998): “Lertxundiren nobela berriak heriotza, eromena eta idazketa ditu aztergai”. El Diario Vasco. 1998-05-22. 78.

KORTAZAR, Jon (2000): Euskal literatura XX. mendean. Pramés. Zaragoza.

LERTXUNDI, Anjel (2001): Mentura dugun artean. Alberdania. Irun.

LERTXUNDI, Anjel (2003): “Ni poetikoa eta mentura”. Literatur Emailuak. 83. http://www.armiarma.com/emailuak/emailu083b.htm

MENDIZABAL, Iñaki (1998): “Heriotza, eromena eta idazketaren inguruan…”. Deia. Ortzadar gehigarria. 33. 1998-05-22. 2.

OLAZIREGI, Mari Jose (2000): “Un siglo de novela en euskera”. Patricio URQUIZU (arg.): Historia de la Literatura Vasca. UNED. Madril. 504-588.

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia & Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.

SALA, Teresa (2003): “Anjel Lertxundi: “Nik daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak”. Euskonews & Media. 203. 2003-03-14/21. http://www.euskonews.com/0203zbk/elkar20301eu.html

 

« »