Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

FILOSOFO HUSCALDUNAREN EKEHIA (1785)

Jusef Eguiateguy
Ur Apalategi

Euskal literaturaren historiako autore laiko bakanetako honek ahaide edo pareko ezagunik gabeko obra argitaratu zuen Frankfurt-en 1785ean, deskribatzen duen gizartea goitik behera inarrosiko duen iraultza frantsesa atea jotzear dagoela. Bere burua zuberotar errejent –maisu– “mehe” gisa aurkezten duen Egiategiren hiru idazlan ezagutzen dira (honako hau, esaera eta aipamen bilduma elebidun bat eta ekonomia domestikoari buruzko tratatu bat), hirurak Pariseko Biblioteka Nazionalean gordeak. Haatik,  bakarra argitaratu da gaurdaino, zeinari Txomin Peillenek 1984ean Euskaltzaindiaren “Euskararen lekukoak” sailean bigarren edizioa (edizio kritikoa) eskaini baitzion, publiko zabalago baten eskuetan jarriz azkenean autorea eta haren obra.

Filosofo huskaldunaren ekheia –edo hizpidea, nahiago bada–, filosofo hitzaren erabilerak agerian jartzen duenez, XVIII. mendeko giro intelektual ilustratuan hazitako lana da. Hasi hitza darabilgu ezen badirudi, liburuan zehar aipatzen diren gertaerak eta egiten diren obren aipamenak aintzat hartuz gero, 1750 inguruan hasi zela idazten Egiategi eta 1785erarte erantsi zizkiola atalak. Hemen, halere, filosofia egiten bada, hitzaren zentzu pragmatikoenean ulertu behar da. Ez da Egiategirena obra espekulatiboa ezta teologiko-metafisikoa ere. Liburuaren atal laburretan Montaigne baten estilo laxo eta malguan lantzen diren gaiak guztiz klasikoak dira moralisten tradizioan: bertutea, pobrezia, haurren hezkuntza, anbizioa, ohiturak, zuhurkeria, denbora galdua, ezkontza, haurren burasoekiko betebeharrak, heriotza, egia, nagikeria, amodioa, adiskidantza, gizon eta emakumeen arteko adiskidantza, beldurra, ausardia, lotsa, ametsak, eta abar.

Testu labur hauetan garatzen den ikuspegia kontserbatzailetzat jo daiteke, orokorrean. Erlijioari dagokionean, ortodoxo –eztabaida teologikoei beldurra die berrikuntzei ateak zabaltzen dizkietelakoan–, familia kontuez nahiz ohitura sozialez den bezainbatean ere bai, eta orohar, berrikuntza eta moda berri garaikideekiko mesfidati agertzen zaigu maisu zuberotarra. Garai hartako euskaldunei egotzi ohi zaien zuhurtasun jansenistaren ondorioz edo, garaikideen diru xahutze eta burasoen interesen araberako ezkontza arruinagarriak gogorki salatzen ditu, eta auzizale porrokatutzat eta drogosotzat dauzka herritarrak. Burgesia berria gizartearen orekarentzat mehatxu bezala ikusten du, dirua baitu lege eta jomuga bakar, eta noblezia zaharra gortekerian galdurik dakusa, gizartearen kudeatze bertutetsuan buru belarri sartuta baino gehiago. Politikaren arloan, berriz, zailtasun handiegirik gabe uztartzen ditu filosofo ilustratuek modan jarritako “errepublika”, “hiritartasun” zein “nazio” kontzeptuak eta euskal probintzietako erakunde zahar demokratikoekiko atxikimendua. Euskal lege zaharra erautsiko duen Iraultza Frantsesa ez da oraindik hasi, eta halako gauzak oraindik posible dira.

Egiten dituen aipamen etengabeek frogatzen dutenez, aurreko euskal idazleek legez autore klasikoak –Antzinatekoak nahiz Elizaren doktoreak edo Eskritura Sainduak– irakurriak ditu nahiz ez dituen Axularrek bezala erabiltzen. Izan ere, zuzenean euskaraturik ematen ditu aipamenak, ezein obra edo kapituluren erreferentziarik gabe. Gauza seinalagarria da ez duela filosofo frantses bakar bat ere aipatzen. Gauza arraroagoa da, ostera, euskal tradizio idatzia oso ondo ezagutzen duelarik (hegoaldeko autoreak barne) bere obra osoa soilik bi autoreren eraginpean idatzita egotea. Autore hauetako lehena Oihenart probintziakidea da zeinaren hizkera trinkoa eta izpiritu zorrotza miresten dituen. Horren froga nabarmenena Egiategiren bigarren liburuan –esaera zaharrak biltzen direnean– Oihenarten errefrau bilduma osoki erreproduzitzean datza. Bigarren autorea Aita Larramendi jesuita da. Esan daiteke, gainera, Larramendiren lanaren aspekturik arbuiagarrienak mailegatzen dituela Egiategik: batetik, neologismoak (berezkoa duen zubererarekin nahastean hizkera literario arraroa sortzen duena); eta bestetik, euskarari eta euskaldunei dagokien apologismo anti-zientifikoa. Eragin gerla horretan, tamalez, Larramendi Oihenarti gailentzen zaio, eta Egiategik mito gipuzkoarraren mito apologetiko gehienak bere horretan erreproduzitzen ditu, Ohienarten irakaspenak ahantzirik.

Labur esateko, testu profanoak hain bakanak diren korpus batean, uharte filosofiko xume bezain bitxia osatzen dute Egiategi errejentaren gogoetek.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus